GAUR8

Abian da 2024ko Elhuyar Zientzia Azoka

Zabalik dago 2024ko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek parte hartu dezakete eta aurrera ateratako proiektuak Bilboko zein tokian tokiko azoketan erakutsiko dituzte.

Elhuyar Zientzia Azoka.
Elhuyar Zientzia Azoka. (Elhuyar)

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da. 2024an, Bilboko azokaz gain, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko azokak ere egingo dituzte. Nafarroakoa Iruñean izango da; Gipuzkoakoa, Usurbilen; eta Lapurdikoak, Kanbon eta Ziburun.

Elhuyar Zientzia Azoka 12-18 urte bitarteko gazteek garatutako zientzia-proiektuak aurkezteko ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen diena Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteei. Euskararen erabilera sustatzeko xedea ere badu Elhuyar Zientzia Azokak.

«Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten», Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 200 ikertzailek baino gehiagok ematen dute izena urtero —% 56 inguru dira emakumeak— gazteen aholkulari izateko, eta epea zabalik daukate oraindik.

Ikasleek haiek erabakitako gaien inguruan egingo dute talde lana: «Galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen». Antolakuntzatik azaldu dutenez, «benetako profesionalak» ezagutuko dituzte parte hartzaileek, «haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta haien laguntza izango dute beren proiektuak garatzeko».

Azokak

Lanaren emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da, eta maiatzean ezagutu ahal izango dira proiektu horiek aurrez aurre, hilaren 22tik 25era Bilboko Areatzako kaian egingo den Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian. Bilboko azokan Euskal Herri osoko gazteek hartuko dute parte.

Bilbon ez ezik, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin egingo diren tokian tokiko azoketan ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak gazteek. Elhuyarrek Zientzia Azoken sarea sortzea du helburu, eta honakoa da 2024ko egutegia: Kanbon martxoaren 23an egingo dute, Xalbador kolegioko gazteekin; Zibururen txanda hilaren 26an izango da, Piarres Larzabal kolegioko ikasleen parte hartzearekin; Nafarroako ikastetxeetako gazteek Iruñean erakutsiko dituzte haien lanak, apirilaren 27an; Usurbilen ere izango da azoka, bertan izango dira Gipuzkoako ikasleak.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 7.400 gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan (% 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak). Guztira, 2.200 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira.

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko formularioa Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean bertan daude.