GAUR8

201.000 euro jasoko ditu UNEDek euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako formakuntza proiektuetarako

Lakuako Gobernuaren 200.000 eurotik gorako zuzeneko laguntza jasoko du UNEDek (Urrutiko Unibertsitatea) euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako urrutiko prestakuntza proiektuak garatzeko.

Irudian, UNEDeko Psikologia Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia.
Irudian, UNEDeko Psikologia Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia. (UNED)

Lakuako Exekutiboko gobernu kontseiluak erabaki du gaur UNED Urrutiko Unibertsitateari zuzeneko laguntza ematea 2023ko ekitaldian euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako urrutiko prestakuntza proiektuak finantzatzeko. Laguntza 201.672 eurokoa da.

Gobernuko iturriek adierazi dutenez, UNEDek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dituen hiru ikastegien artean banatuko da diru laguntza: Gasteizkoarentzat 66.083 euro, Bergarakoarentzat 77.655 euro eta Bizkaikoarentzat 57.934 euro.

Hiru ikastegi elkartuek dirulaguntza erabili beharko dute euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako urrutiko prestakuntza programaren barruan.

Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailak eta UNEDek 2021eko apirilean sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez, besteak beste, Lakuak unibertsitatearen EAEko hiru ikastegien finantzaketan izango duen parte hartzea arautzen da.

Hitzarmenak urteko finantzaketa handitzeko aukera jasotzen du, euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin lotutako urrutiko prestakuntza proiektuak garatzeko. Laguntza berria, beraz, 2023an dagoeneko UNEDi eman zaion urteroko 500.000 euroko diru laguntzari gehitu zaio.

Lankidetza hitzarmenari jarraiki, Exekutiboko gobernu kontseiluan ekainaren 6an onartu zen UNEDen urteroko laguntza. Laguntza hauen bidez, Jokin Bildarratz buru duen Sailak aintzat hartzen du UNEDen ikastegiek egiten duten lan akademiko, kultural eta sozial garrantzitsua, eta bere gain hartzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egiten dituzten jarduerei laguntzen jarraitzea.