GAUR8

Bermuta prestatzeko tailerrarekin abiatuko da ‘Txakoli Bizi’ ekimena Aiaraldean

Esperientzia etnogastronomiko sorta batekin dator ‘Txakoli Bizi’ ekimenaren edizio berria, bermuta prestatzeko tailer batekin hasita. Zero kilometroko produktuak eta Aiaraldeko izarretako bat den txakolina dira protagonistak, Laudiotik Artziniegara Okondotik igarota, paisaietan galtzeko aukera emanez.

Txakolinaren inguruko esperientzia Aiaraldean, artxiboko irudian.
Txakolinaren inguruko esperientzia Aiaraldean, artxiboko irudian. (GAUR8)

Txakolina izango da protagonista nagusia baina ez bakarra ‘Txakoli Bizi’ ekimenaren hirugarren edizioan. Izan ere, Aiaraldeko erakargarritasunak erakutsi nahi ditu programak, zero kilometroko produktuak nabarmenduz.

Ostiralean (hilak 3) abiatuko dira lehen proposamenak eta abenduaren 1era arte luzatuko da programazioa. Lehen proposamena bermuta prestatzeko tailerra izango da, eta Amurrioko Turismo Bulegoan izango da ostiralean bertan. Tailerraren bidez, edari preziatuaren «atzean dauden sekretuak» ezagutzeko parada izango dute parte hartzaileek, baita sortutako bermuta etxera eramatekoa ere.

Artomañatik Delikara bizikletaz

Aurtengo berritasunen artean, ‘Ebike’ ibilbidea dago. Azaroaren 11n izango da, Artomañatik Delikara. Bizikleta elektrikoa izango da garraiobidea eta txakolinaren paisaia parez pare aurkituko dute bisitariek. Egun horretan bertan, bakarrizketa emanaldi bat izango da Palacio Anuncibai jatetxean, Bocabeats Comediaren eskutik. Bertan, eskualdeko konbinatu bat eskainiko da dastatzeko.

Txikienek Artziniegan dute hitzordua azaroaren 12an, Museo Etnografikoan. Taloak egiten ikasiko dute helduek txakolina dastatzen duten bitartean. Azaroaren 18an Murgako Dorretxean (Aiara) Erdi Aroarekin lotutako proposamena dago, eta Txakoli Txikubin dastatuko dute.

Solitza gaztategia, ‘Ametsen Haritzian’ bisita edota magia eta enologia uztartuko dituen hilaren 26ko proposamena daude urte bukaerako hitzorduen artean.

Programazioaren inguruko informazioa eta erreserbak Aiaraldeko Turismo zerbitzuko webgunean.