Gaur 101 urte aurkitu zuten munduko hilobirik ezagunena: Tutankamon faraoiarena
1922ko azaroaren 4an, munduko hilobi ezagunena aurkitu zuten: Tutankamonen hilobia, hiru milurteko baino gehiagoren ondoren harrigarriki ongi kontserbatua. Baina nork egin zuen aurkikuntza?
1922ko azaroaren 4an, orain dela 101 urte, Antzinako Egiptoren garaiko Tutankamon faraoiaren hilobia aurkitu zuen Howard Carter arkeologo britainiarrak gidatutako talde batek. Carterrek jaso zuen meritu historikoa, baina, egiaz, berak aurkitu zuen munduko hilobirik ezagunena?
Husein Abdel Rasulek hamar urte zituen 1922ko azaroaren 4an. Howard Carterrek Erregeen Haranean gidatutako arkeologoengana ura eramaten lan egiten zuen. Astoaren bizkarretik ur-ontziak deskargatzean, harean utzi zituen eta ustekabean aurkitu zuen hileta-ganberara zeraman lehen maila. Nahi gabe, historiako aurkikuntzarik garrantzitsuenerako bidea erakutsi zuen.
Haurrak abisua eman zien ingurua zulatzen ari ziren atzerritarrei. Egun horretan bertan, Carterren taldeak ingurua garbitu zuen, eta Husein Abdel Rasuk aurkitutako mailan sakonduz beste 16 maila deskubritu zituen. Eta Tutankamonen hilobia aurkitu zuten.
Alta, Howard Carter arkeologoak ez zuen Husein Abdel Rasulen izenik aipatu bere memoriatan.
XVIII. Dinastiako faraoi gaztearen betiko atseden-lekuaren aurkikuntzak mundu osoan ospea lortu zuen, hiru milurteko baino gehiagoren ondoren, Erregeen Haranean hobekien kontserbatu zen hilobia baitzen.
Gaur egun, Tutankamon faraoiaren hilobia Egipton dago ikusgai, Luxorgo Erregeen Haranean.