GAUR8

Euskal Hiria biltzarraren 22. edizioa azaroaren 27tik 28ra egingo dute Donostiako Kursaalen

Donostiako Kursaalen egingo dute Euskal Hiria biltzarraren 22. edizioa, azaroaren 27an hasi eta hurrengo egunera arte iraungo duena. Aldaketa demografikoek, trantsizio energetikoak edo turismoak udalerrietan duten eragina izango dute aztergai.

Aurtengo edizioko kartela.
Aurtengo edizioko kartela. (Irekia)

Euskal Hiria biltzarraren 22. edizioa egingo dute azaroaren 27an eta 28an Donostiako Kursaal jauregian. ‘Elkarguneak: erronka emergenteak, erronka sozialak eta lurraldea’ lelopean aldaketa demografikoak, trantsizio energetikoak edo turismoak hiri eta herrietan duten eraginaz eztabaidatuko dute.

Lakuako Gobernuaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak urtero antolatzen du topaketa NBE-Habitat giza kokalekuetarako programaren laguntzarekin. Europako, espainiar Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat aditu bilduko ditu, sektore publikoko arduradunak, sektoreko profesionalak eta ikerketa akademikoan aritzen direnak barne.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskal lurraldeak jardueren funtsezko oinarri gisa duen potentziala eta gizartean eragin handia duten erronkei aurre egiteko beharra kontuan hartzen dituen ikuspegi bikoitzetik eztabaidatuko dute bilkuran.

Gorabidean dauden bost erronketan oinarrituko dute eztabaida, azaldu dutenez: Aldaketa demografikoa, ekintza klimatikoa, trantsizio energetikoa, kultura eta turismoa, eta hurbileko ekonomia. Erronka horietako bakoitza hitzaldi eta mahai inguruetan aztertuko dute, eta bertaratutakoei eztabaidan parte hartzeko aukera ere emango diete.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, helburua da lurraldeak antolatzeko moduaren eta hainbat alderditatik gizarteari eragiten dioten erronka horien artean askotan sortzen diren interakzio konplexuak aztertzea. Adibidez, aldaketa demografikoak jaiotza tasa pizten duen, edo gero eta zaharragoa den biztanleriaren osasun eskaerei erantzuten dieten lurralde programak sustatzen dituen. Trantsizio energetikoak, bestalde, azpiegitura espezializatuak behar ditu eta lurraldean ingurumen inpaktu esanguratsuak eragin ditzake.

Partaideak

Euskal Hiria biltzarrean hainbat sektore eta jarduera eremutako nazioarteko profesionalek hartuko dute parte, erronka horien inguruko hausnarketa bultzatzeko. Besteak beste, NBE-Habitateko Kazumi Ogawa eta Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuko Giulia Testori izango dira.

Halaber, espainiar Estatuko gobernua ordezkatuz, Cristina Monge soziologoa eta Juana Lopez Pagán ere izango dira hizlarien artean. Euskal Autonomia Erkidegoan lantzen ari diren errealitateak, erronkak eta irtenbideak erakutsiko dituzte bertako adituekin batera.