GAUR8
Gaur X urte

Gaur 15 urte zendu zen Miriam Makeba hegoafrikar abeslaria

2008ko azaroaren 9an zendu zen Miriam Makeba abeslaria, Hegoafrikako apartheidaren aurkako irudi esanguratsua ere izan zena. Bihotzeko batek jota hil zen Italian mafiaren eta arrazakeriaren aurkako kontzertua eskaini ostean.

Miriam Makeba.
Miriam Makeba. (Wikimedia Commons)

Miriam Zenzi Makeba Johannesburgon, Hegoafrika, jaio zen 1932ko martxoaren 4an eta gaurko egunez zendu zen duela 15 urte, Castel Volturnon, Italian. Abeslaria zen, baita Hegoafrikako apartheidaren aurkako irudietako bat ere. Horregatik, Afrikaren Ahotsa eta Afrikaren Ama ezizenez ere ezaguna zen.

Haurtzaroa Pretorian igaro zuen, hots, Transvaal probintziako hiriburuan. 17 urte zituela ezkondu zen lehenengoz eta urtebete geroago izan zuen alaba bakarra. 27 urte zituela, Hegoafrikatik erbestera alde egin behar izan zuen, bere karrera musikalarekin jarraitu ahal izateko, bere ekintzailetza zela eta, zail zeukalako jaioterrian. Makebak Veneziara alde egin zuen, eta gero Londresera iritsi zen. Han Harry Belafonte abeslari estatubatuarra ezagutu zuen, Estatu Batuetan sartzen lagundu ziona.

1969an, Stokely Carmichael Trinitateko aktibista beltzarekin ezkondu zen, Pantera Beltzen Alderdiko buruzagia zena. Bere ezkontzak AEBetako agintarien errezeloak piztu zituen, eta, ondorioz, Gineara emigratu behar izan zuten. Ondoren, Hugh Masekela jazz tronpetista hegoafrikarrarekin ezkondu zen.

Ekintzaile gisa egindako lanagatik hainbat aitormen jaso zituen. 1999an, FAOren borondate oneko enbaxadore izendatu zuten. 2001ean, Nazio Batuen Alemaniako Elkarteak Otto Hahn bakearen urrezko domina eman zion, Berlinen, «bakearen eta nazioarteko elkar ulertzearen alde egindako zerbitzu bikainengatik». 2002an, Suediako Musikako Errege Akademiak Polar Music Prize saria eman zion.

Mafiaren eta arrazakeriaren aurkako kontzertu bat eman ostean hil zen, bihotzekoak jota, Castel Volturnon, Italian, 2008ko azaroaren 9an.