GAUR8

112 lan jaso ditu ‘Arnasetik’ sormen lehiaketak, marka berria ezarriz

Parte hartze errekor berria ezarri du ‘Arnasetik’ lehiaketak 10 eta 16 urte bitarteko gazteen artean, 112 lan jasota. Euskararako arnasgune diren herrien inguruko sormen lan gehienak DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleenak dira, 63 guztira.

Aurkeztutako sormen lanetako une bat, irudian.
Aurkeztutako sormen lanetako une bat, irudian. (Arnasa Gara)

UEMAk eta Nafarroako eta Lakuako gobernuek elkarlanean bultzatuta, Arnasa Gara ekimenak antolatzen duen ‘Arnasetik’ bideo lehiaketak inoizko parte hartze handiena izan du, aditzera eman dutenez.

Guztira 112 lan aurkeztu dira euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormen lanak biltzen dituen deialdira.

«Irudi, soinu edo ikus-entzunezko formatuetan euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea bilatzen da, hauek euskararen bizi-berritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz», azpimarratu dute antolakuntzatik.

Adinaren arabera hiru kategoria dituen lehiaketak helburu bikoitza du: adin tarte horretako gazteen artean sormena lantzea, eta arnasguneetako hizkuntza-ohituren inguruko gogoeta piztea.

Lehen Hezkuntzako azken bi mailetarako ezarritako kategorian 34 lan jaso dira. Beraien herriak nolakoak diren azaldu behar zuten, bertan zer egin daitekeen eta euskara maila hobetzeko herria zergatik den egokia azaldu behar zuten «bideo promozional bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti...)», gogoratu dutenez.

DBHko hasierako mailetako ikasleen kategorian, 63 lan jaso dira. Kasu honetan, beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia umorezko bideo batean azaltzea eskatzen zitzaien. Ariketarekin euskalkien balioa nabarmendu eta «euskararen aniztasuna agerian uztea» bilatzen zuen deialdiak.

Hirugarren kategorian, DBH 3 eta 4ko ikasleei zuzenduta, Nahia Sillero eduki sortzailearen eredua jarraituz sortu behar zuten bideo bat, euskal kultura, musika eta ekimenak azpimarratuz, eta 15 lan aurkeztu dira atal honetan.

Sari banaketa, hilaren 22an

Sari banaketa azaroaren 22an egingo dute Zarautzeko Modelo Antzokian, 18.00etan. Gogoratu dutenez, 2.000 euro banatuko dira saritan, eta ekitaldian sorpresa ugari izango da, tartean Julen musikariaren emanaldia.

Jasotako lanak ikusgai daude jada Arnasa Gara ekimenaren web orrian .