GAUR 8

‘Bizi fisika’ lantegiarekin ospatuko du Mondragon Unibertsitateak zientziaren astea AS Fabriken

Azaroaren 13an, astelehenez, lantegi praktiko bat egingo du Mondragon Unibertsitateak Zorrotzaurreko Bilbao AS Fabrik campusean, «Bizi fisika!» izenburupean, eta, bertan, soinuaren abiadura eta grabitatearen azelerazioa neurtuko dituzte ikasleek.

As Fabrik campusa.
As Fabrik campusa. (BILBAO EKINTZA)

Zientziaren astea dela eta, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak lantegi eta jarduera batzuk antolatu ditu azaroaren 13tik 17rako, lehen hezkuntzako 6. mailako, DBHko eta batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko.

Bilbon, Unibertsitateak hitzordu berezia prestatu du, fisikari buruzko lantegi praktiko batekin. Azaroaren 13an, astelehenez, izango da, Zorrotzaurreko Bilbao AS Fabrik campusean.

«Bizi fisika!» izenburuko lantegia 10.00etatik 11.30era bitartean egingo da, eta ikastetxeak gonbidatuta daude fisikak nola funtzionatzen duen aurrez aurre bizitzera.

«Esperientzian zehar, soinuaren abiadura eta grabitatearen azelerazioa neurtzen ikasiko dute ikasleek; gainera, erresonantziarekin esperimentuak egingo dituzte eta hutsean gertatzen diren fenomeno batzuk ikusiko dituzte. Orobat, gertutik ikusi ahal izango dute magnetismoaren eta elektrizitatearen arteko lotura estua, eta elektroiak desbideratuko dituzte, eremu elektriko eta magnetikoak erabiliz. Milaka volteko eremu elektrikoak ere sortu ahal izango dituzte, eta beren gorputzetan sentitu», azaldu du Mondragon Unibertsitateak.

Egitarauari buruzko informazio gehiago hemen: Zientziaren astea - Ztimhub (mondragon.edu)