GAUR8

‘Mendiak’ aplikazioa berritu dute: «arinagoa, osatuagoa, erabilgarriagoa eta politagoa» da

‘Mendiak’ aplikazioa berritu dute mapa-sistema eta nabigazio berriarekin. Erabiltzaileek aplikazioa eguneratu beharko dute mugikorrean, eta tresna osatuago eta erabilgarriago bat aurkituko dutela nabarmendu dute.

Mendien inguruko euskarazko aplikazioa berritu dute.
Mendien inguruko euskarazko aplikazioa berritu dute. (Mendiak APP)

CodeSyntax enpresa eibartarrak 2016an argitaratutako ‘Mendiak APP’ euskarazko aplikazioak 50 eguneraketa baino gehiago izan ditu azken urteetan, baina pasa den urritik erabateko berritzea du, bertsio berri bat eskainiz.

Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, «arinagoa eta erabilgarriagoa, eta diseinuz ere modernoagoa» da azken bertsioa.

«Lan berezia egin da mapen sistema eta mapa bidezko nabigazioa eguneratzen eta hobetzen», zehaztu dute jatorrizko helburuari tinko eusten diola azpimarratuz: «euskal mendizaleentzat aplikazio arin eta erabilgarri bat eskaintzea, beren mendi igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko».

30.000 deskarga baino gehiago

Aplikazioak izan duen harrera eta bilakera positiboa nabarmendu dute, bestalde, azken zazpi urte hauetan 30.000 deskarga baino gehiago izan baititu, «euskarazko aplikazio batentzat marka handiena dena».

Horrekin lotuta, azpimarra jarri dute aplikazioan markatutako mendi-igoeren kopuruan: 125.000. Gainera, 110.000 irudi gehitu dituzte datu-basera.

Gogoratu dute, bestalde, 3.000 mendi ingururen informazio osatua ematen duela aplikazioak. Mendizaleentzako trena erabilerraza izateaz gain, igoerak markatzeko eta lagunekin partekatzeko eskaintzen duen aukera nabarmendu dute.