GAUR8

Durangaldeko ikerlari gazteentzat deialdi berria zabaldu du Gerediaga Elkarteak

Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna gazteen artean bultzatzeko helburua duen Durangaldeko Ikerlari Berrien Sarira lanak aurkezteko epea zabaldu du Gerediaga elkarteak. Ikertzaile gazteek 2024ko apirilaren 8rako aurkeztu beharko dituzte lanak.

Iazko edizioko irabazleak.
Iazko edizioko irabazleak. (Gerediaga Elkartea)

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin sortu zuen 2022an Durangaldeko Ikerlari Berrien Saria. Orain, hirugarren deialdia abian jarri du. Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango dituzte, bi kategoriatan: 18 urtera artekoak eta 19-35 urte bitartekoak. Sariak 500 eurokoak eta 1000 eurokoak izango da, kategorien arabera.

Nagusienen kasuan, Astola aldizkarian ikerketa lanaren laburpena argitaratzeko aukera emango zaio irabazleari. Ikerketa gaiak edo arloak Durangaldean kokatutakoa izan behar du. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika...

Lana euskara hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana izan behar du eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.

Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da, eta talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.

2024ko apirilaren 8ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Egitasmoak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa jaso du.

Deialdi barriko oinarri guztiak Gerediaga Elkartearen webgunean daude kontsultarako eta deskargatzeko moduan.