GAUR8
Gaur X urte

Gaur zortzi urte gertatu ziren Parisko atentatuak

2015eko azaroaren 13an, duela zortzi urte, izan ziren Parisko atentatuak. 21.16etatik aurrera hiru leherketa, sei tiroketa eta bahiketa bat gertatu ziren. 130 pertsona hil ziren eta beste 415 pertsona zauritu ziren.

Atentatuen ostean Parisko Le Carillon jatetxearen aurrean egindako elkarretaratzea.
Atentatuen ostean Parisko Le Carillon jatetxearen aurrean egindako elkarretaratzea. (Citron | Wikimedia Commons)

Gaur zortzi urte betetzen dira Parisko atentatu jihadistak gertatu zirenetik. Ostiral gau hartan 130 pertsona hil eta beste 415 zauritu ziren honako eraso hauetan: bost taberna eta jatetxeetako terrazen aurkako tiroketak, beste tiroketa bat eta bahituak hartzea Bataclan kontzertu-aretoan eta leherketa suizidak Stade de France estadioaren inguruan eta Place de la Nation plazatik gertu dagoen beste jatetxe batean.

Estatu Islamikoak aldarrikatu zuen erasoen egiletza eta Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Estatu frantsesaren lurralde kontinentalean gertatutako sarraskirik handiena da.

Beiruten, Libanon, antzeko erasoak gertatu eta egun batera izan ziren Parisko eraso hauek. Estatu frantsesa alertan zegoen Charlie Hebdo aldizkariarek bulegoen eta Parisko supermerkatu judu baten aurkako erasoez geroztik, urtarriletik.

2015ean zehar, eraso txikiagoak gertatu ziren Estatuan zehar. Otsailean Nizako komunitate juduaren zentro bat zaintzen ari ziren hiru soldadu sastatu zituzten, ekainean Saint-Quentin Fallavierreko lantegi bat leherrarazteko ahalegina egin zuten, eta abuztuan bidaiarien tren batean jendea tirokatu eta sastatu zuten.

Azaroko atentatuen aurreko asteetan Estatu Islamikoak eta haren adarrek beste hainbat eraso aldarrikatu zituzten. Besteak beste, urriaren 31n Metrojet 9268 hegaldia eraistea eta azaroaren 12an Beiruten izandako atentatu suizidak.