GAUR8

Galdakaoko XXXII. Musika Astea azaroaren 20tik 25era egingo dute

Urtero lez, aurten ere Santa Zezilia egunaren inguruan programazio berezia prestatu dute Galdakaon. Astelehenean hasi eta larunbatera arte iraungo du XXXII. Musika Asteak.

Ostegunean aurkeztu zuten programazioa.
Ostegunean aurkeztu zuten programazioa. (Galdakaoko Udala)

Santa Zezilia egunaren harira Galdakaon urtero egiten duten Musika Astearen aurtengo edizioa datorren astean izango da, azaroaren 20tik 25era bitarte. XXXII. edizioa izango da aurtengoa eta gaur eman dute horren berri Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Edurne Espilla Kultura zinegotziak, eta Arantza Zatonek, Maximo Moreno Musika eskolako zuzendariak.

Alkateak nabarmendu duenez, herrian errotuta dagoen ekitaldia da. Gaineratu du Maximo Moreno musika eskola «altxorra» dela eta herrian oso maitatua eta apreziatua dela. Musika Asteak irauten duen bitartean, eskolak musika herriari zabaltzen diola nabarmendu dute Hernandok zein Espillak, eta Kultura zinegotziak adierazi du «eskertzeko esfortzua» dela.

Zatonek eman du aurtengo egitarauaren berri, astelehenetik larunbatera bitarte luzatuko dena. Torrezabal Kultur etxean egingo dituzte ekintzak.

Hilaren 20an, ‘Gehi Zazpi’ biolontxelo taldea arituko da 19.30ean hasita. Durangoko musika eskolan sortutakoa da eta hainbat estilotako abestiak jotzen dituzte. Asteartean, ordu berean, Gospel Bilbao taldearen emanaldia izango da, ahots eta instrumentista ugariz osatutakoa.

Azaroaren 22an, Santa Zezilia eguna izaki, Torrezabal Kultur Gunetik kanpora ere aterako dute programazioa. Hain zuzen ere, Ad Libitum Txistu bandaren kalejira egongo da 19.00etan hasita eta, ostean, 19.30ean, Olatz Garcia Ergüin Sextet eta Miguel Salvador igoko dira oholtzara. Kontzertuan euren lehen diskoa aurkeztuko dute: ‘The standards of my chilhood’.

Ostegunean, Ander Manzana pianojolearen kontzertua izango da 19.30ean hasita. Bilboko Juan Cristostomo Arriaga kontserbatorioan zein Musikenen ikasitakoa da eta hainbat sari jasotakoa.

Larunbatean amaituko da programazio berezia, Da Capo Musika Bandaren eta Miguel N’Dongen emanaldiekin, 20.00etan hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko, hiru euroan.