GAUR8

Topaketa antolatu du Aergik larunbaterako, Alkoholik Gabeko Egunaren harira

Ahokohol kontsumoaren inguruko topaketa egingo du Aergi elkarteak Donostian larunbatean, Alkoholik Gabeko Egunaren harira. Ekitaldian parte hartzeko elkartearen webgunean eskuragarri dagoen gonbidapena jaitsi behar da.

Alkohola izango da Aergik antolatutako topaketaren ardatza.
Alkohola izango da Aergik antolatutako topaketaren ardatza. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Alkoholik Gabeko Eguna da azaroaren 15a, eta osasun problematika horri ikusgarritasuna eman nahi dion ospakizun horren harira gaiaren inguruko topaketa antolatu du Aergik larunbaterako Donostian, Olarain Ikastetxe Nagusian, 16.30ean.

«Ponentzia, omenaldiak eta aintzatespenak» uztartuko dituen ekitaldia izango da, aurreratu du mendekotasunen errehabilitazioan lan egiten duen Gipuzkoako elkarteak.

Hitzorduaren atarian, alkoholismoaren inguruko zenbait datu jarri ditu mahai gainean mundu mailako osasun arazoaren dimentsioa nabarmentzeko. Gogoratu duenez, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, alkoholak hiru milioi heriotza eragiten ditu urtero, batez ere gizonen artean.

Datu horien arabera, 237 milioi gizonek eta 46 milioi emakumek pairatzen dituzte alkoholaren kontsumoak eragindako nahasmenduak, «eta ohikoagoak dira erosteko ahalmen handieneko herrialdeetan». EAEn, 75 litro alkohol hartzen dira pertsona bakoitzeko urtean, «Estatuko batez bestekoaren antzekoa, eta Europako baino txikiago, non biztanle bakoitzak, batez beste, 95 litro alkohol edaten dituen urtean».

Josean Fernandez Aergiko presindentearen arabera, mendekotasuna duen pertsonaren profila «polikontsumista da». «Alkohola da menpekotasun ugariena, baina horrekin batera ikusten dugu pertsona beste substantzia batzuekin ere lotzen dela, hala nola kanabisa, kokaina eta abar», zehazten du Aergik, gazteen neurriz kanpoko kontsumoak nabarmenduz.

Iluntasunetik irtetzeko borroka

‘Mila arrazoi baino gehiago ospatzeko’ leloa du Alkoholik Gabeko Egunak, eta elkartea sortu zenetik artatutako mila pertsona baino gehiagorekin lotu dute. «Mendekotasuna duten pertsonei eta haien familiei beti eman diegu ahalik eta babesik handiena, eta aurten garrantzitsua iruditu zaigu protagonista horiek nabarmentzea, alkoholarekiko mendekotasunaren iluntasunetik ateratzeko borrokatu baitira kasu honetan», adierazi du Fernandezek.

Angel Jimenez Martin Espainiako Alkoholikoen, Errehabilitazio Mendekotasunen eta Senideen Konfederazioko (CAARFE) presidenteak emango dio hasiera topaketari. Ondoren, Francisco Pascual UCA Alcoi CAARFEko aholkulari tekniko eta Socidrogalcohol elkarteko presidentearen txanda izango da. «Pascual hizlari bikaina da, eta merezi du entzutera etortzea», azaldu du elkarteak, EHUko Udako ikastaroan arrakasta handia izan zuela gogoratuz.

Topaketan parte hartzeko, aergi.es webgunean sartu eta gonbidapena jaitsi behar da. Ekitaldia 16.30ean hasiko da.