GAUR8

AEA gaixotasunari aurre egiteko estrategia terapeutiko berria ikertzen ari dira

Alboko Esklerosi Amiotrofikoak (AEA) eragiten duen heriotza neuronala murrizteko estrategia terapeutiko berri baten garapenean ari da lanean ikerketa bat, euskal ikertzaileen parte hartzearekin. Bartzelonako Unibertsitateak eta Materialen Fisika Zentroak gidatzen dute lana.

‘Science Advances’ aldizkarian argitaratu da ikerlana.
‘Science Advances’ aldizkarian argitaratu da ikerlana. (Science Advances)

Bartzelonako Unibertsitateak eta Materialen Fisika Zentroak gidatutako ikerketa bat Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA) aurkako borrokan «tranpa molekular» gisa deskribatutako estrategia terapeutiko berrian ari da lanean.

AEA gaixotasun neurodegeneratiboak neuronei eta bizkarezur-muinari eragiten die, muskulu-kontrola galtzeraino. Bartzelonako Unibertsitateak eta Materialen Fisika Zentroak (mistoa, CSICek eta Euskal Herriko Unibertsitateak osatuta) estrategia terapeutiko potentzial bat diseinatu dute oraindik sendabiderik ez duen patologia horri aurre egiko.

EHUk nabarmendu duenez, emaitzek erakusten dute estrategia horrek gaixoen neuronen heriotza murrizten duela.

Azaldu dutenaren arabera, C9orf72 genearen mutazioa da gaixotasunaren arrazoi ohikoenetako bat. Estatu espainolean, Familia AEA pairatzen duten gaixoen %33an dago gen hori, eta EAE esporadikoa dutenen %3an.

«Paziente horiengan dipeptikoak sortzen dira, karga positibo askorekin, eta ondorio oso toxikoak eragiten dituzte neurona motorretan». Ikerketaren lehen zatian, teknika konputazionalak eta esperimentalak konbinatu zituzten dipeptido horien ulermen molekularra hobetzeko.

Ikerketa-taldeak estrategia berritzaile bat diseinatu zuen dipeptidoak engainatzeko eta haien toxikotasuna murrizteko. «Tranpa» bat sortu zuten, ondorio neurotoxikoak saihesteko.

EHUk zehaztu du «oraindik ikerketa handia egin beharko dela estrategia berritzaile horren funtzionamendua erabat baliozkotu eta ulertzeko», baina «emaitza itxaropentsu horiek indartu egiten dute RNAren tranpak erabiltzea baliagarria» dela, «ez bakarrik ARN-proteina interakzioak aztertzeko, baita bneuronak beste gaixotasun degeneratibo batzuetan sortzen diren proteina anomaloen ondorio kaltegarrietatik babesteko ere».