Gaur 39 urte GALek Santi Brouard hil zuen Bilbon
1984ko azaroaren 20an tiroz hil zuten Luis Morcillok eta Rafael Lopez Ocañak –GALeko kideek– Santi Brouard bere pediatriako kontsultan. Lekeitiarra medikua, politikaria eta euskararen aldeko militantea izan zen. Erbestean ere egon zen, 1974an Espainiako poliziak tirokatutako ETAko kide bati laguntzeagatik.
1984ko azaroaren 20an, Luis Morcillok eta Rafael Lopez Ocañak –GALeko kideek– tiroz hil zuten Santi Brouard (Lekeitio, 1919) bere pediatriako kontsultan. Gaur 39 urte pasatu dira geroztik. Hilketa hura egiteko eguna ez zuten nolanahi aukeratu. Izan ere, egun horretan hil ziren urte batzuk lehenago, Jose Antonio Primo de Rivera eta Francisco Franco.
Brouard medikua, politikaria eta euskararen aldeko militantea izan zen. Hilketaren inguruko ondorengo ikerketek bi hiltzaileak identifikatu eta auziperatu zituen, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak libre utzi zituen 1999an. Hainbatek salatu zuten hilketa hura Espainiako Gobernuak 1980ko hamarkadan aurrera eramandako estatu terrorismoaren operazioetako bat izan zela.
Brouard Lekeition jaio zen, eta medikuntza ikasi zuen Valladolideko unibertsitatean. Ikasketak amaituta, Euskal Herrira itzuli zen eta bertan pediatriako espezializazioa egin zuen. Bizkaiko lehen ikastolak sortzen lagundu zuen.
1974an Espainiako poliziak tirokaturiko ETAko kide bati laguntzeagatik Iparraldera ihes egin behar izan zuen. Han, harremana egin zuen ETAko zenbait kide historikoekin. Esaterako, Argalarekin. Erregimen frankistaren amaieran KAS alternatiba itxuratzeko lanetan parte hartu zuen.
Herri Batasuneko kide
Horrez gain, Brouard EHASeko sortzaileetako bat izan zen –1977tik aurrera HASI izango zena–. Gerora, HASIko lehendakaria izan zen, eta Herri Batasuna sortu zenean, alderdi horretako kide izan zen.
Erbestetik itzuli zenean, mediku izaten jarraitu zuen, politikan sartuta segitu arren. Hala, 1983an kartzelatu egin zuten, Espainiako erregeak Gernikako juntetxera egindako bisitaldian Eusko gudariak abestia kantatu zuelako Herri Batasuneko beste kide batzuekin batera. Gerora, Heri Batasuneko mahai nazionaleko kidea izan zen, eta Madrilgo diputatua ere izan zen gorteetan. Horrez gain, agintaldi batez Bilboko alkateorde izan zen.