GAUR8
Gaur X urte

Eusko Abertzale Ekintza sortu zen

93 urte bete dira azaroaren 30 honetan Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) sortu zela. Hego Euskal Herriko alderdi abertzale eta sozialista izan zen. 2008tik legez kanpo dago, auzitegi espainiarrek Batasunarekin lotura zuela argudiatu eta hala ebatzi zutelako.

2008an Iruñean egindako elkarretaratzea, EAE-ANVko Ino Galparsoro, Arrasateko alkatea, kartzelan sartu eta gero, bere askatasuna eskatzeko.
2008an Iruñean egindako elkarretaratzea, EAE-ANVko Ino Galparsoro, Arrasateko alkatea, kartzelan sartu eta gero, bere askatasuna eskatzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

1930eko azaroaren 30ean, San Andres egunez sortu zen Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV). Egun hartan, zenbait militante abertzalek San Andresko Manifestua plazaratu zuten Bilbon. Abertzaletasunaren norabide aldaketa bat bilatzen zuten.

Alderdiaren fundatzaileen artean Anakleto Ortueta, Luis Urrengoetxea, Tomas Bilbao, Jose Manuel Izpizua, Claudio Ibañez de Aldekoa, Julian Arrien, Jose Ignacio Arana eta Jose Maria Belaustegigoitia zeuden.

Eusko Abertzale Ekintzaren jaiotzak EAJren nazionalismoarekiko berritasun nabaria eta etena ekarri zuen, bere burua akonfesional, errepublikazale eta aurrerakoi bezala definitu zuelako. Era berean, Euskal Herriaren izaera nazionala bertako herritarren borondateak definitzen zuela aldarrikatu zuen, eta ez, EAJren tradizio politikoan bezala, arrazak, historiak eta foruek.

EAEk bere burua Euskal Herrian izan den ezkerreko lehen alderdi politiko abertzaletzat jotzen du, baita Euskal Herriko ezker abertzalearen sortzailetzat ere. Herri Batasunaren parte izan zen koalizioaren sortze beretik. 2001ean, EAEk Batasuna prozesuan parte ez hartzea erabaki zuen, alderdi bezala berezko egitura mantendu nahi baitzuen, ezker abertzalearen erreferente historiko gisa.

2008an, Auzitegi Goren espainiarrak legez kanpo utzi zuen.