Maria Juana Gesalaga errepresaliatu zarauztarraren jaiotzatik 116 urte
Abenduaren 3an, Nafarroaren eta Euskararen Egunean sortu zen Maria Juana Gesalaga Etxaide Zarautzen, 1907an. Espainiako Alderdi Komunistako kidea izan zen, eta ihesean aritu zen. Errepresaliatu politikoa izan zen nazien kontzentrazio-esparru batean, Ravensbrücken. Askatu eta gero Bordelen bizi izan zen eta bere bizitzako azken urteetan Zarautzera itzuli zen, familiarekin bizitzera.
Maria Juana Gesalaga gaurko egunez sortu zen, 1907an, Zarautzen. Espainiako Alderdi Komunistako kidea izan zen. Senarrak, Jose Miguel Beguiristain Urdangarinek, UGTko batailoietan parte hartu zuen, teniente graduarekin, 1936ko gerran. Frontea erortzean, Le Barcaresen eta Gursen izan ziren biak. Handik Bordelera erbesteratu ziren. Begiristainek muga pasa ohi zuen militante klandestinoentzat dokumentazio faltsuak egiteko, eta Espainian zen tarte batean naziek Maria Juana atxilotu zuten.
Geroago senarra espetxeratu zuten Alcala de Henaresen. Han galdu zen bere arrastoa. Maria, berriz, Compiegnera eraman zuten eta handik Ravensbrückera, 19.424 preso zenbakiarekin.
Bertan ezagutu zuen Rita Perez asturiar erresistentea. 1945ko apirilaren 23an Gurutze Gorriak eta Armada Gorriak Ravensbrück askatu zuten eta Maria Juana Bordelera itzuli zen.
Bordelen Ritaren semea zen Franciscorekin ezkondu zen. Hura hil zenean, Zarautzera bueltatu zen, familiarekin bizitzera. 2005ean hil zen, 96 urte zituelarik.