GAUR8
Gaur X urte

18 hildako eta 48 zauritu 1991ko auto istripu batean, Zornotza parean

Zornotza parean gertatu zen 18 hildako eta 48 zauritu eragin zituen auto istripua 1991ean. Lainoak sortutako istripuak eragin zuen talka, eta ondotik beste 23 autok jo zuten elkar, horietako 18k su hartu zuten momentuan.

1991ean Zornotza parean gertatutako istripua.
1991ean Zornotza parean gertatutako istripua. (Luis Calabor)

Askok gogoratuko dute 1991ko abenduan A8 errepidean gertatutako istripua. Euskal Herrian izan den auto-istripu handienetarikoa izan zela jasotzen dute garaiko albiste eta ondorengo kronikek. Zornotza parean gertatu zen, behelainoak errepidea ezkutatzen zuen goiz batean, 10.00ak inguru. Momentuan 17 hildako izan ziren, eta larri zaurituta zegoen bat Galdakaoko ospitalera eraman ostean hil zen. Hildakoez gain, 48 pertsona zauritu ziren.

«Laino itxia» zegoela jasotzen da eguneko kontakizunetan eta 10.50ak aldera Donostiarantz zihoazen bi autok talka egin zutela autobidean. Lainoaren eraginez ikusgaitasun murritza zegoela jasotzen da, baina inguruko industria enpresek sorturiko lainoa ere izan zitekeela pentsa daiteke. Atzetik zetozen autoek ere talka egin zuten, eta 25 auto izan ziren guztira talka egin zutenak.

Auto batzuek su hartu zuten berehala, eta autoen barruan pertsona asko geratu ziren harrapaturik, asko bertan kiskalita zendu ziren. DYA zein Gurutze Gorria ahal bezain laster hasi ziren lanean, zauritutako pertsonei laguntzen eta suhiltzaileek ere sutea itzaltzeko lanean jardun ziren, hala ere, denbora gutxian auto pilaketa handiak sortu ziren.

Ertzaintzak egindako ikerketa eta atestatuaren arabera, istripua goiz hartako lainoak eragin zuela ziurtatzen du. Eta gaineratzen du gidariek beren ibilgailuaren abiadurak ezohiko egoerara moldatu ez izanak ere eragin zuela istripua. Atzetik, 23 autoek ezin izan zituzten autobidearen erdian zeuden bi automobilak saihestu eta talka egin zuten, horietatik 18k hartu zuten su.

Gorpuak identifikatzeko lanek egun bat inguru iraun zuten, baina Ertzaintzak esandakoaren arabera, oso zaila izan zen identifikazio lana, gorpu gehienak ikazturik geratu zirelako.  AP8 inguruko zerbitzugunera eraman ziren kaltetutako autoak, gorpuak barruan, ukitu gabe, eta bertan gauzatu ziren identifikatzeko lanak.