GAUR8

‘Bizitzaren jatorria’ aztergai Modelon, ZarautzOn Elkartearen eskutik

‘Bizitzaren jatorria’ aztergai izango dute asteartean Zarauzko Modelo Aretoan, Carlos Briones CSIC-eko ikertzailearen eskutik. Bizitzaren inguruko zientzia eta unibertsoan egon daitezkeen beste izaki adimendunak mahai gainean jarriko diren gaietako batzuk dira.

‘Bizitzaren jatorria’ aztergai izango dute Zarautzen asteartean, Carlos Briones ikertzailearen parte hartzearekin.
‘Bizitzaren jatorria’ aztergai izango dute Zarautzen asteartean, Carlos Briones ikertzailearen parte hartzearekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gabonen atarian, bizitzaren jatorria bezalako gai potoloa jarriko du mahai gainean ZarautzOn Elkarteak, eta horretaz hitz egiteko Carlos Briones zientzialari ezaguna gonbidatu du.

Hitzaldia abenduaren 12an izango da, Zarauzko Modelo Aretoan, 19.30etik aurrera, baina aurretik zenbait gogoeta planteatu du elkarteak, hausnarketa aktibatu eta motorrak berotzeko. Izan ere, gogora ekarri du astrobiologia zientzia gazte eta diziplinartekoa dela. «Fisikaren, kimikaren, geologiaren, biologiaren eta ingeniaritzaren arloetako aurrerapenak konbinatzen ditu», zehaztu du.

Hitzaldira begira aipatu dutenez, «Lurra planetaren bizitza orain 3.800 milioi urte inguru zeuden baldintzetatik nola hasi zen aztertzen dugu, baita kimikaren eta biologiaren arteko trantsizioa eguzki-sistemaren barruan ‘bizigarritzat’ jotzen dugun beste ingurune batzuetan ere gertatu ote zen ere ikertzen dugu».

ZarautzOn Elkarteak planteatu duenez, bizitza-seinaleak bilatzen dira eguzkitik kanpoko planetetan, dagoeneko ia 6.000 ezagutzen ditugu, eta «gure buruari galdetzen diogu ea errazagoa den bakarrik egotea edo Unibertsoa izakiz beteta egotea».

Elkarteak hitzaldira begira mahaigaineratu dituen gogoeten artean, «beste bizitza horietakoren bat adimenduna izan litekeen eta gurekin komunikatzeko interesa izan zezakeen» bezalako kezkak planteatu ditu.

Gogoeta horiek Briones CSICeko ikertzaileari aipatuko zaizkio asteartean. Briones Zientzia kimikoetan doktorea da eta zientzia dibulgatzailea. Talde bat zuzentzen du Astrobiologia Zentroan (CSIC-INTA, NASA Astrobiology Programarekin lotuta), izaki bizidunen jatorria eta bilakaera ikertzen ditu, eta biosentsoreen garapenean egiten du lan, lurreko bizitza karakterizatzeko edo gure planetatik kanpo bilatzeko.