GAUR8

STEAM Sarietarako proiektuak aurkezteko epea zabaldu du Lakuako Hezkuntza Sailak

STEAM Sarien laugarren edizioak proiektuak aurkezteko epea zabaldu du. Ingelesezko akronimoak adierazten duen bezala, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikekin lotutako hezkuntza-ekimenak sustatu nahi ditu deialdiak.

Ikasleak ordenagailuen aurrean gelan, artxiboko irudian.
Ikasleak ordenagailuen aurrean gelan, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi sarien laugarren ediziorako proiektuak aurkezteko epea ireki du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean.

Ekimena ‘STEAM Euskadi Estrategiaren’ barruan kokatzen da, arteekin eta humanitateekin lotutako zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketako bokazio goiztiarrak sustatzeko. Bide horretan, sariek jardunbide onenak aitortu eta ikusarazi nahi dituzte.

Ekimena STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren ingelesezko akronimoa) hezkuntza-ekimenak garatzen ari diren ikastetxeei, unibertsitateei, hezkuntza ez-formaleko erakundeei, ikerketa-zentroei, enpresei edo beste edozein erakunderi zuzenduta dago.

Hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 9ra arte egongo da zabalik. Hezkuntza Sailak 18.000 euro bideratuko ditu saritan, lehiaketa hau deitzen den hiru kategorietan. Kategoria bakoitzak bi sari ditu (lehenengoa 3.000 eurokoa eta bigarrena 2.000 eurokoa), eta genero-ikuspegiari aipamen berezia egiten zaio, mila eurokoa.

Hiru kategoria

‘1. kategoria’ ikastetxeek sustatutako STEAM hezkuntza-ekimenetarako da. ‘2. kategoria’ unibertsitateek eta LHko ikastetxeek sustatutako ekimenetara bideratuta dago, eta ‘3. kategoria’ erakunde sozioekonomikoek sustatutako ekimenetarako da.

Sariaren zenbatekoa saritutako ekimenean edo haren irismenean hobekuntzak finantzatzera bideratu beharko da, edo bestela, ikastetxe edo erakunde irabazleak STEAM hezkuntza-ekimen berri bat abiaraztera.

Ekimen honek bi helburu ditu: batetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzen ari diren eta estrategian finkatutako helburuak betetzen laguntzen ari diren ekimenak identifikatzea; eta, bestetik, izaera berritzaileagoa duten eta bereziki neskei, gazteei eta emakumeei zuzenduta dauden ekimenak aitortzea.