GAUR8

Arrantzaleen Museoan ‘Bermeo, Bizkaiko Burua Erdi Aroan’ erakusketa egongo da ekainera arte

Apirilera arte, Bizkaiko Arrantzaleen Museoan, Erdi Aroko Bermeoren inguruko erakusketa egongo da ikusgai. Garai hartan, ‘Bizkaiko burua’ izan zen udalerria, eta horren inguruko dokumentu historikoak erakusten ditu.

Bermeoko kaia, artxiboko irudian.
Bermeoko kaia, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO)

Bizkaiko Arrantzaleen Museoak ‘Bermeo, Bizkaiko Burua Erdi Aroan’ erakusketa hartuko du ekainaren 16ra arte. Bertan, Erdi Aroko alderdi nagusiak testuinguruan kokatzeko aukera ematen duten hainbat artxibotako dokumentuak daude.

Aldundiko Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak, museoko zuzendari Aixa Gazteluk, Bitor Uriarte eta Asier Romero komisarioek eta Rober Garay ilustratzaileak XIV., XV. eta XVI. mendeetako dokumentu sorta bat aurkeztu dute gaur. Nabarmendu dutenez, garai horretan hiribildua ‘Bizkaiko burua’ izan zen, hau da, «gune politiko, ekonomiko eta soziala herrialdearen barruan».

Foru museoan dagoen erakusketak hiribilduak garai hartan zuen ahalmena islatu nahi du, testamentu, auzi, botere-gutun, pribilegio eta «balio historiko-artistiko ukaezineko» sakramentu-liburuetako dokumentazioaren bidez.

Gainera, 3D efektua duten koadroetako batez gozatzeko aukera ematen du, QR kode baten bidez. Kode hori bisitari bakoitzak bere gailu mugikorrarekin eskaneatu ahal izango du.

Erakusketak biltzen dituen Bermeoko Erdi Aroko dokumentuak estatuko hainbat artxibotatik datoz, Artxibo Orokorretik, Nafarroako Artxibo Orokorretik, Simankasko Artxibo Orokorretik, Bizkaiko Elizaren Artxibo Historikotik, Bizkaiko Foru Artxibo Historikotik, edota Loiolako Santutegitik, besteak beste

«Kontuan izan behar da Bermeoko historia artxibistikoa birritan eten dela 1504 eta 1722ko bi sute suntsitzaileen ondorioz. Sute horiek udalerriko dokumentazioa suntsitu zuten, eta, beraz, aurkezten diren idazkiak hiribildutik kanpoko beste artxibo batzuetara mugatzen dira», zehaztu dute erakusketaren arduradunek.

Hitzaldi zikloa

Erakusketa osatzeko, urtarrilaren 18an hitzaldi zikloa abiatuko da, Bitor Uriarte komisarioaren eskutik, ‘Dokumentazioaren ikuspuntutik Bermeo, Bizkaiko Burua, Erdi aroan’ izenburupean.

Otsailaren 15ean, Asier Romerok ‘Bermeo: Erdi aroko dokumentaziorik gabeko herria?’ hitzaldia eskainiko du, eta martxoaren 14an, Isabel Mellenek ‘Emakumeen partaidetza familia testuinguru sozio-ekonomikoan Behe Erdi Aroan’ hitzaldia emango du.

Apirilaren 25ean, Jesus Muñizek eta Asier Romerok ‘Santa Maria de la Atalaya: historia de un icono desaparecido’ hitzaldia eskainiko dute, eta maiatzaren 30ean, Rober Garay ilustratzaileak ‘Recreación gráfica: una mirada al pasado de Bermeo’ lanaz hitz egingo du.