GAUR8

Down Sindromea eta desgaitasunei zuzendutako aplikazio berriak, biharko App Azokan

Leioako Hezkuntza Fakultatean aplikazioen azoka ospatuko dute bihar, 10.00etatik aurrera. Down Sindromea eta beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonei eta haurrei zuzendutako tresna berriak daude mahai gainean aurtengo edizioan

EHUko Leioako Campusean egingo da azoka, Hezkuntza Fakultatean, 10.00etatik aurrera.
EHUko Leioako Campusean egingo da azoka, Hezkuntza Fakultatean, 10.00etatik aurrera. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

‘UPV/EHUren VIII. Hezkuntzarako App Azoka’ egingo dute bihar Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Leioako campusean), 10.00etatik aurrera, ‘Teknologia guztiontzat’ lelopean. Down Sindromea eta beste desgaitasun intelektual batzuk dituzten pertsonei eta haurrei zuzendutako zortzi aplikazio berriak dira uneko izarrak.

EHUko Hezkuntza Fakultateak eta Ingeniaritza Eskolak duten proiektuaren erakusleihoa da aplikazioen gaineko azoka hau. Azaldu dutenez, bi zentroek batera egiten duten proiektua diziplinartekoa da eta bi helburu nagusi ditu: «hezkuntzaren esparruan teknologia berrien erabilera sustatzea», eta «telekomunikazio-ingeniaritzaren ildotik tresna praktiko eta aplikagarriak sortzeko gaitasuna bultzatzea».

Edizio honetan nabarmendu dute, elkarlanean aritu direla bi fakultateak eta Euskal Herriko Down Sindrome eta beste adimen urritasunen Fundazioa. «Esperientzia bizi bezain aberasgarriari honi esker, modu apalean bada ere, bidezkoagoa eta inklusiboa den teknologia garatzeko bidean laguntza eman dugula uste dugu», adierazi dute eragileek.

Google Playn eskuragarri

Garatutako aplikazioak doakoak dira eta Google Playn daude eskuragarri. Azokan, gainera, ‘TxAPPelduna 2023’ saria emango zaio plataforma horretan kalifikazio onenak eta deskarga gehien lortzen dituen aplikazioari.

Horregatik, aplikazioak deskargatzera eta baloratzera animatu dute antolakuntzatik. Azokaren funtzionamenduaz zehaztu dute, bestalde, proiektuek stand ezberdinak izango dituztela eta ikasle talde bakoitzak aplikazioei buruzko galdera eta zalantzak argituko dituela.