GAUR 8
Gaur X urte

Lourdes Iriondo kantaria eta Ez Dok Amairu taldeko kidea duela 18 urte zendu zen

Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, 1937ko martxoaren 27a - Urnieta, 2005eko abenduaren 27a) euskal kantagintzaren erreferente izan zen 60 eta 70ko hamarkadetan. Ez Dok Amairu taldeko kide esanguratsua izan zen.

Lourdes Iriondo.
Lourdes Iriondo. (GAUR 8)

Gaur 18 urte, 2005ko abenduaren 27an, hil zen 68 urterekin Lourdes Iriondo Mujika euskal kantaria eta idazlea.

Donostian jaio zen 1937ko martxoaren 27an, eta hamaika anai-arrebetatik bigarrena zen. Zazpi urte zituela, familia osoak Urnietara egin zuen, eta han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa.

Txikitatik izan zuen musikarako zaletasuna. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 60. hamarkadan hasi zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, bai eta euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere.

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an lehen bi disko txikiak argitaratu zituen, Belter diskoetxearekin.

1965 eta 1972 bitartean jardun zuen eta Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista izandako Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen.

1968an ‘Kanta zaharrak’ (Belter, 1968) diskoa argitaratu zuen, Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako ale zaharrekin. Urte beran, gainera, Xabier Leterekin ezkondu zen.

1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Xabier Leterekin, Antton Valverderekin eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertua izan zen haren azken emanaldia.

2005eko abenduaren 27an hil zen, 68 urte zituela, eta hainbat omenaldi egin zitzaizkion.