GAUR8

‘Getxolive Pro’ diru laguntzen deialdia zabaldu dute, musika-proiektuei zuzenduta

Udalerrian sortutako musika-proiektu berriak abian jartzen laguntzera bideratuta, ‘Getxolive Pro’ izeneko programak laguntza modalitate ezberdinak eskaintzen ditu entsegu lokalak erabiltzeko, laguntza teknikoa izateko edota bideoklipa grabatzeko, besteak beste.

Bakarlari eta banda berriei bereziki zuzendutako programa da.
Bakarlari eta banda berriei bereziki zuzendutako programa da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Getxolive Pro’ diru laguntzen programa jarri du abian Getxoko Udalak, «musika-proiektuak egiteko eta euskal kultura-sektorean sortzen ari diren bakarlarien eta taldeen hazkundea eta garapen profesionala bultzatzeko».

Ohar batean, Udalak azaldu du deialdiaren bidez baliabideak emango direla «entsegu eta grabazio aretoak erabiltzeko, aholkulari profesionalak kontratatzeko, musika-lanak argitaratzeko edo bideoklipak ekoizteko». Eskabideak aurkezteko epea gaur zabaldu dute, eta martxoaren 4ra arte egongo da irekita.

Zehaztu dutenez, lau laguntza modalitate esakintzen ditu programak. Lehenengoa Romo Kultur Etxeko entsegu-areto intsonorizatuak erabiltzera bideratuta dago. «Ekipamendu horiek erabili ahal izateko 100 orduko 10 poltsa diruz laguntzean datza», azaldu dute.

Bigarren laguntza lerroak 40 orduko poltsa eskaintzen du lokalak doan erabiltzeko, zentro bereko grabazio gela doan erabili ahal izateko eta soinu-teknikari baten laguntza izateko.

Hirugarren modalitatean, 3.000 euroko laguntza eskainiko da, kultura kudeatzeko eta musika sortzeko, ekoizteko eta zabaltzeko aholkularitza edo laguntza profesionalari zuzenduta, eta azken modalitatea bideoklipak finantzatzeko eta musika-lanak argitaratzeko da.

Eskabideak era telematikoan aurkeztu ahal dira Getxoko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez. Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak udal webgunearen atal honetan eskura daitezke, eta eskabideak aurkezteko epea itxita hiru hilabetean jakinaraziko dira hautatuak.