GAUR8

Igartubeiti baserri museoak %27 bisitari gehiago izan du azken urtean

Bisitari kopurua %26,7 igo da azken urtean Igartubeitiko baserri museoan. Arduradunen esanetan, urte positiboa izan da datuek erakusten baitute pandemiaren aurreko zenbakiak berreskuratu eta gainditu egin direla.

Sagardoaren inguruko jarduera Igartubeitin, artxiboko irudian.
Sagardoaren inguruko jarduera Igartubeitin, artxiboko irudian. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Ezkio Itxasoko Igartubeiti Baserri Museoak jasotako bisitak %26,7 igo dira 2023an. Zenbakiei begira, azken urtea oso positiboa izan da Igartubeitirentzat. Izan ere, pandemiaren aurreko bisitarien kopuruak berreskuratu eta gainditu ditu, orotara %30 gaindituz.

Ohar baten bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko museoak jakinarazi du, Sagardoaren Asteko bisitarien datuekin batera, hazkunde horren zati bat «2023ko lehen lauhilekoan izandako jende kopuruaren gorakadari zor zaiola, %41ko igoera 2022koaren aldean, Barne Begiradak proiektuaren programazioaren ondorioz».

Ekimen horretan 240 pertsona baino gehiagok eta 30 eragile sortzailek hartu dute parte. Iturri berberek azaldu dutenez, Barne Begiradak «kulturak landa ingurunean aldaketa eta eraldaketa sozialeko dinamikak bultzatzeko duen ahalmenean sakondu du», eta «mugarri izan da Igartubeitirentzat, bere inguruko eragileekin, pertsonekin eta proiektuekin elkarlanean aritzeko moduak indartu dituelako».

Iazko bisitarien jatorri geografikoari dagokionez, foru-erakundetik nabarmendu dute «atzerriko ikusleen kopuruak gora egin duela udako hilabeteetan, eta bikoiztu egin dela 2022ko datuekin alderatuta».

Gainera, EAEko bisitariak mantendu egin dira eta Estatuko gainerako herrialdeetatik etorritakoak ehuneko hiru gehitu dira, Kataluniatik, Madrildik eta Valentziatik etorritakoak nabarmenduz.

Museoak ‘Lau zaporez margotutako mundua’ erakusketa du zabalik, Euskadi Gastronomikak antolatua eta joan den udan irekia. Igartubeitiko ekitaldiari dagokionez, joan den urrian izan zen ‘Sagardoaren astea’.

‘Eskutik eskura’-ren jarraipena

2024rako programazioari dagokionez, Igartubeiti Baserri Museoak helduentzako tailerren eta jardueren 'Eskutik eskura' programa eskaintzen jarraituko du. Programa horren helburua da «jakintza tradizionalekin lotutako gaiei buruz hausnartzea, iraunkortasunari buruzko gaietan kontzientziatzea eta eskuekin sortzeko motibatzea».

Ildo beretik, ahozko memoriaren eta hainbat tailerren bidez, Igartubeitik ‘Ofizioak, lehen eta orain’ proiektua eramango du Ezkio-Itsasoko eskolako ikasleekin.