ETAk su-eten «iraunkor, orokor eta egiaztagarria» iragarri zuen gaur 13 urte
«Hau da ETAk behin betiko konponbidearekin eta norgehiagoka armatuaren amaierarekin duen konpromiso irmoa», zehaztu zuen ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean plazaratu zuen komunikatuan.
2011ko urtarrilaren 10ean, gaur 13 urte, ETAk bideo baten bidez su-eten «iraunkor, orokor eta egiaztagarria» iragarri zuen.
«Hau da ETAk behin betiko konponbidearekin eta norgehiagoka armatuaren amaierarekin duen konpromiso irmoa», zehaztu zuen ETAk komunikatuan, GARAk argitaratutako bideo batekin batera. Era berean, taldeak dei egiten zien «Espainiako eta Frantziako agintariei neurri errepresiboak eta Euskal Herriaren ukazioa betiko utz ditzaten».
Egun hatan, Bruselako adierazpenaren bitartez, «nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea» eskatu zioten Gernikako Akordioa babestu zuten alderdi, sindikatu eta gizarte eragileek, «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa».
Urte bereko irailean, Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Raymond Kendall (Erresuma Batua), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Ram Manikkalingam (Sri Lanka) eta Satish Nambiar-ek (India) ETAren su-etena egiaztatzeko batzordea sortu zuten.
Hortik gutxira, urriaren 20an, taldeak beste komunikatu bat argitaratu zuen, bere jarduera armatua «behin betiko etetea» iragartzen zuena, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin zien «gatazkaren ondorioak konpontzeko eta, hala, borroka armatua gainditzeko zuzeneko elkarrizketa-prozesua irekitzeko».