GAUR8

Oxido nitrikoa sortzeko bide metabolikoa aurkitu dute euskal ikertzaileek, hainbat aplikazio izango dituena

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gidatutako ikerlan batek landareen aminoazidoekin oxido nitrikoa sortzeko lehen bide metabolikoa lortu du. Aurkikuntzak aplikazio ugari izango ditu, nekazaritzan eta gizakien osasunerako, minbizian adibidez.

Raquel Esteban eta Daniel Marino ikertzaileak.
Raquel Esteban eta Daniel Marino ikertzaileak. (NUP)

EHUrekin lankidetzan eginiko ikerlanean, gainera, molekula hori sortzeko oximek duten garrantzia ikusi dute. Azaldu dutenez, oximak konposatu kimiko mota bat dira, eta «landare biologian hogei urte baino gehiago daramatzate aurkikuntza horien bila», aplikazioak izango baititu nekazaritzan eta medikuntzan.

Ikertzaileek azaldu dute «molekula txiki, gaseoso eta koloregabea» dela oxido nitrikoa, eta «funtsezko eginkizuna» duela bizi-funtzio askotan.

Gizakien kasuan, garrantzi handia du osasun kardiobaskularraren funtzionamenduan, eta kirol errendimenduan eragiten du. Erantsi dutenez, «antioxidatzaileen sintesian eta natura prozesuetan» hartzen du parte.

«Landareek, oxido nitrikoa sortzeko, erredukzio prozesu bat erabiltzen dute nagusiki: nitratoa hartzen dute, eta, nitrato erreduktasaren bidezko prozesu entzimatikoen bitartez, oxido nitriko bihurtzen dute», zehaztu dute prozesuaren inguruan.

Emaitzek erakusten dute landareek estres baldintzekiko duten tolerantzia hobetu ahal dela (lehorteetan, esate baterako), eta haien nutrizioan ere eragin dezake. Erantsi dutenez, «tresna baliagarria izanen dira landare garapenaren etapak simulatzeko, bereziki bestelako estres baldintzetan», eta horien artean mantenugaien eskasia, tenperatura altuak edo elikadurarekiko tolerantzia aipatu dituzte. Era berean, ongarri nitrogenatuen fabrikazioan erabil datiekeela esan dute.

Gaixotasun kardiobaskularrak

Aurkikuntzak, bestalde, bide berriak zabaltzen ditu gaixotasun kardiobaskularren tratamenduan, botika berrien diseinuan, edota hurrenez hurren ziklo zirkadianoa eta loaren zikloarekin lotura duten serotonina eta melatoninaren efektuak hobeto ulertzeko ikerlanetan.

Azpimarratu dute, gainera, oxido nitrikoa inplikatuta dagoela ziklo zelularraren kudeaketan, eta horregatik «funtsezkoa izango da minbizi eta metastasi zeluletan duen eragina aztertzea».