GAUR8

Ehun ihes gela baino gehiago Nafarroan, landa eremuan erronka demografikoari aurre egiteko

Nafarroan, landa eremuko erronka demografikoari taldean aurre egitea helburu duten 126 ihes gela egingo dituzte apirilera arte, tokiko zenbait erakundek eta elkartek antolatuta. Digitalizazioa, mugikortasuna eta tokiko produktuak dira proiektuarekin lotutako ardatzetako batzuk.

Irudian, Otsagabiako herria elurtuta. Ekimenean parte hartzen duten 24 herrietako bat da.
Irudian, Otsagabiako herria elurtuta. Ekimenean parte hartzen duten 24 herrietako bat da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek doako ehun ihes gela baino gehiago antolatu dituzte landa eremuko herrietan erronka demografikoari taldean jokatuz aurre egiteko.

Cederna-Garalur Elkartearen, TEDER Elkartearen, Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren eta EDER Partzuergoaren ekimena da, eta «Nafarroako herriak herritarrentzako leku biziak eta erakargarriak izatea» du helburu.

Irtenbideen artean, ohar batean azaldu dutenez, elkarrekin lan egin dute ‘Conecta Navarra Rural’ proiektuan, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta tokiko produktua zabaltzeko, sustatzeko eta sentsibilizatzeko.

Hiru zutabe horiek presente egongo dira urtarriletik apirilera arte egingo diren doako 126 ihes geletan. Ekimena Nafarroako Gobernuaren eta FEADER funts europarren finantzaketari esker gauzatzen da 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren bitartez.

24 herritan

Ihes gela joko bat da, eta parte-hartzaileek beren asmamena eta irudimena probatu behar dituzte misio bat ebazteko, ordubetez detektibe bihurtuz. Talde-lana funtsezko osagaia da pistak aurkitzeko eta epe mugatu batean misterioak ebazteko.

126 emanaldi egingo dira guztira Nafarroako 24 herritan: Doneztebe, Irunberri, Zangotza, Orbaitzeta, Altsasu, Otsagabia, Eneritz, Larraga, Oloritz, Melida, Beire, Adiotz, Lodosa, Kodesko mendilerroa, Aritzala, Andosilla, Lizarra, Viana, Cintruenigo, Milagro, Murchante, Castejon, Ribaforada eta Azagra.

Parte hartzea doakoa da, baina izena eman behar da, ‘Conecta Navarra Rural’ proiektuaren webgunean eta erakunde sustatzaileen lurraldeetako webguneetan eta sare sozialetan.