GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez, duela sei urte, zendu zen Joxan Artze kulturgile usurbildarra

2018ko urtarrilaren 12an hil zen Joxan Artze. Kulturari eta euskalgintzari hainbat bideetatik segika eman zuen bizitza eta, besteak beste, Ez Dok Amairuren sortzaileetako bat izan zen. Sei urte bete ditu gaur bere faltak.

Joxan Artze, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Joxan Artze, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Joxan Artze kulturgile usurbildarra 78 urte zituela hil zen duela sei urte, 2018ko urtarrilaren 12an.

Euskal literaturan berebiziko garrantzia izan du Artzek. Ia denetarik egin zuen: txalaparta jo, kantuak idatzi, poesia sortu.

1966an Euskal Kantagintza Berria mugimenduaren baitan Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin batera, besteak beste. Eta hiru urte beranduago, 1969an, Ez Dok Amairuko taldekide batzuekin ‘Baga, Biga, Higa’ ikuskaria prestatu zuen.

Horrez gain, ikus-entzunezko ekitaldiak ere antolatu zituen Joxan Artzek. Ez Dok Amairu banandu eta berehala, 1974an, Laboarekin, bere anaia Jexuxekin, eta beste lagun batzuekin batean, ‘Ikimilikiliklik’ saio ezaguna prestatu zuen, musika, dantza eta poesia batzen zituena.

Lotura berezia izan zuen Mikel Laboarekin: Artzek berak idatzi zituen abeslariaren letretako batzuk, kasurako, ‘Txoria txori’ eta ‘Gure bazterrak’, euskal kantagintzaren pieza ezagunenetakoak.

Artze hil ostean, 2020ko azaroan, Elkarrek “Txalaparta, tradizioaren abaroa” liburua eman zuen, usurbildarrak bere bizitzako azken unera arte ondutako testuekin osatutako lana. Joxan Artzeren hilondoko liburua hau joan aurretik utzi bezala argitaratu zuten Elkarreko editoreek.