GAUR8

Kilometroak egiteko erronka kolektiboa Atarrabian, AEAren ikerketa bultzatzeko

Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) gaixotasunaren aurkako borrokan laguntzeko dei egin dute Atarrabiatik. Oihana mendiaren inguruan batuko dituzte kilometroak, gaixotasunaren ikerketa bultzatzeko ekimen kolektiboan.

Kilometroak batuko dituzte Oihana mendian, gaixotasunaren aurkako borrokan laguntzeko.
Kilometroak batuko dituzte Oihana mendian, gaixotasunaren aurkako borrokan laguntzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Alboko eklerosi amiotrofikoa (AEA) gaixotasunaren ikerketan laguntzeko funtsak bilduko dituzte larunbat honetan Atarrabian, bultzada herritarra duen ekimen baten bidez. Izan ere, eritasunaren aurkako borroka horretan laguntzeko, kilometroak egitera animatu dituzte herritarrak, ‘AEAren aldeko kilometroak’ izeneko ekimenean.

Erronka gisa planteatuta, hain beharrezkoa den ikerketari laguntza ekonomikoa eskaini eta horrekin batera eritasuna ikusarazi nahi dutela azaldu dute.

Hamabi orduko erronka

Hamabi ordu iraungo du biharko erronkak, goizeko 7.00etatik arratsaldeko 19.00ak arte. Aurreratu dutenaren arabera, 4 kilometro eta 120 metroko itzulia da parte hartzaileek egin behar dutena, Oihana mendiaren inguruan.

Egun osoan zehar egongo dira korrikalari ezberdinak ibilbidea osatzen, eta bereziki 11.00etan hasiko den ‘martxa solidarioan’ parte hartzera animatu dituzte herritarrak, baita «egunean zehar gurekin egotera» ere.

Izan ere, pintxoak dastatzeko aukera egongo da, eta ekimenean laguntzeko, saskien zozketarako txartelak saltzeko mahaiak ere jarriko dituztela iragarri dute.

Inprimakia betetzea da laguntza emateko beste bide bat, baita elastikoak eta dorsalak erosiz edota diru ekarpenak eginez.