GAUR8
Gaur X urte

Hamabi urte bete dira gaur Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ hil zela

Gaur hamabi urte hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’, abertzale sutsua, euskara batuaren eragilea, militante kartsua. XX. mendearen bigarren erdiak Euskal Herrian eman duen pertsona garrantzitsuenetako bat.

Txillardegi, 2010eko irudi batean.
Txillardegi, 2010eko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Gaur hamabi urte hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’, 2012ko urtarrilaren 14an. Euskalzale eta kulturgile garrantzitsua izan zen, euskara batuaren bultzatzaile setatsua, euskal eleberri modernoa deritzon korrontearen aitzindaria. Militante politikoa eta aktibista sutsua ere bazen.

Puntu gutxitan, horrela definitu zuen Jakin fundazioak Txillardegi: XX. mendeko bigarren erdiko euskal intelektual garrantzitsuenetakoa izan zen; 1956ko belaunaldiko kidea, gerraostean abertzaletasun eta euskaltzaletasun berria ekarri zutenetako bat; euskara batuaren egile eta eragilea, bera gabe ez genuke tresna hau edukiko. Bere lanen bukaeran oraindik ahozko euskara batua aldarrikatzen zuen, gaur egun oraindik osatu gabe daukaguna.

Izan ere, Jakinen web atarian Txillardegiren lan osoa dago; egiazko altxor bat pantailan. Ia 2.000 dokumentu digitalizatuta (23.591 orrialde), Euskal Herriko historia modernoan giltzarri den idazle, hizkuntzalari, pentsalari eta militante politiko honen ondarea osatzen dutenak. Testu hauek funtsezkoak dira XX. mendearen bigarren erditik hona herrialde honen bilakaera ulertzeko. Digitalizatutako dokumentuen artean 40 liburu eta 1.352 artikulu daude.

Euskal soziolinguistikaren aitzindaria ere izan zen donostiarra. ‘Leturiaren egunkari ezkutua’ lehen euskal eleberri modernoa idatzi zuen, eta, politikoki, ETAren sortzaileetako bat izan zen, erakunde honek, paraleloki, euskal abertzaletasunaren eta kulturaren loratzea sustatu zuelarik.

Urtemugaro, urtarrilaren 14an, Donostiako Antigua auzoan omenaldia egiten diote kulturgile zenduari, Gaskonia plazan, ‘Txillardegi’ izena izan dezan nahi duten horretan.