GAUR8

Jaiotza inguruko doluari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Sopelan

«Errealitate mingarri eta konplexua» den jaiotza inguruko dolua jorratuko dute jardunaldi batzuek Sopelan, hilaren 22an eta 23an. Esperientziak eta hausnarketak partekatzeko espazioa izan nahi dute, erronka emozionalari aurre egiteko zenbait tresna eskainiz.

Dolu perinatala jorratuko dute Sopelako jardunaldiek.
Dolu perinatala jorratuko dute Sopelako jardunaldiek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hurrengo astelehen eta asteartean Sopelan jaiotza inguruko dolua jorratuko dute Kurtzio Kultur Etxean egingo diren jardunaldiek.

«Esperientzia honen konplexutasunari modu integral eta errukitsuan heldu» nahi diote, eta «tokiko komunitatearentzako hausnarketa, laguntza eta ikaskuntza gunea» izatea nahi dute.

Ohar batean azaldu dute «errealitate mingarria eta konplexua» dela, gurasoei eta familiei eragiten diena, «haurtxo bat haurdunaldian edo erditu eta gutxira galtzeari aurre egin behar diotenean».

Erantsi dutenez, «dolu mota honek erronka emozional, psikologiko eta fisikoak» ditu, eta inguruabar ezberdinak egon daitezke, «berezko abortuak, mortinatoak edo jaio eta gutxira izandako heriotzak barne».

«Esperientzia bakoitza bakarra da», baina galera hori jasaten duten pertsonek «sarritan emozioen amalgama bati egin behar diote aurre», eta planteatu dutenez, horrek «arreta arduratsua eta ulerkorra merezi du».

Testuinguru horretan kokatu dute Kultur Etxea «gai sentikor» hori jorratzeko topagune bilakatzea, esperientziak aztertu, ulertu eta partekatu nahi dituzte pertsonentzat, «kontzientzia, elkarrizketa eta elkartasuna sustatzeko».

‘Ilustrura: Ilustrazioa eta idazketa terapeutikoa’ tailerrarekin abiatuko dira jardunaldiak astelehenean, 17.30ean. Saioaren inguruan aurreratu dute literaturaren munduan Auri Lizundia bezala ezaguna den Nerea Azkona idazle sopeloztarrak gidatuko duela, eta «dolu perinatala adierazteko eta ulertzeko tresnak helburu duen esperientzia paregabea» izango dela.

‘Madre en duelo’ liburuaren aurkepena egingo du Nerea Azkonak berak lehen saio horren ondoren, 18.30ak aldera.

Emozioak partekatzeko espazioa

Asteartean, «‘Poesia eta Dolua’ espresio gunea» eskainiko du Sopela Zurekin tokiko erakundeak. 17.00etan hasiko den saio horretan, «ingurune egokia eskaini nahi» da parte hartzaileek adierazpen artistikoaren bidez beren emozioak parteka ditzaten.

Ordubete beranduago ‘Jaiotza inguruko dolua ikusaraziz’ solasaldia izango da, dolu perinatala ikusarazteko beharra azaldu eta tabuak apurtzeko, doluak dituen agerpen ezberdinei buruzko kontzientzia areagotzen lagunduz.

Sarrera doakoa da eta jardunaldietan parte hartzeko izena aurrez aurre emateko aukera dago Kultur Etxean bertan edo webgunearen esteka honetan.