Nerea Goti

June Madariaga, nabigazioarekiko zaletasuna lanbide egin duen gaztea

Nautika era Itsas Garraioa ikasi ondoren, portuan lan egiten du June Madariaga gazteak. Oraindik oso emakumezko gutxi erakartzen duen mundu horretan igeri egingo du GAUR8k hurrengo alean.

Portugaleten, EHUko Nautika eskolaren aurrean egin du hitzordua GAUR8k June Madariaga Navarrorekin (Portugalete, 2000). Lanbide duen nabigazioaren mundura eta horraino heltzeko egindako ibilbidera gerturatzeko, oso emakume gutxik aukeratzen duen lan mundua baita.

Nautika eta Itsas Garraioko gradua egin ondoren, doktoretza hasi eta ikertzeari ekin dio Portugaleteko gazteak. Bizkaiko kostaldean boilak ardatz dituen azterlan baten inguruan ari da lanean orain. Erabiltzaileen segurtasunarekin lotutako informazioa lantzen ari da proiektu horretan.

Nabigazioa bezalako ingurune maskulinizatu batean, unibertsitatean zein lan munduan izan duen esperientziaz hitz egin du portugaletetarrak. Ikasketetan emakume bakarretako bat izan zen, tripulazioko bakarra praktikak egiteko orduan, eta egun duen lanbidean, emakume bakar batzuk aritzen dira esparru horretan. Esperientzia, halere, ez da txarra izan. Nabarmendu duenez, emakume izatea ez da oztopo izan, eta harreman ona izan du lankideekin.

Tradizioa, ezagutza falta...?

Hain emakume gutxi egotearen zergatiaz ere mintzatu da. Bere ustez, gakoetako bat izan daiteke oso jende gutxik ezagutzen dituela eskaintzen diren graduak. Beste arrazoietako bat lotzen du nabigazioarekin lotutako guztia oso arlo maskulinizatutik datorrela, eta horrek oraindik pisu handia izan dezakeela.

Badago beste baldintzetako bat, mundu hori gustuko izan behar duzu urratsa emateko. Animatzeko arrazoiak ere baditu. Nabarmendu duenez, ikasketa dinamikoak dira, arlo akademikoa eta praktikoa uztartzen dituztenak, eta kontuan hartu behar da irakasleen laguntza, talde txikitan ikasteak dituen abantaiak eta instalakuntzen kalitatea.