GAUR8
Gaur X urte

Patricia Highsmith idazle ezaguna hil zen 1995ean

Patricia Highsmith (Fort Worth, Texas, AEB, 1921 - Locarno, Suitza, 1995eko otsailaren 4a) eleberrigile estatubatuarra izan zen, oso ezaguna idatzitako misteriozko lanengatik. Horietako asko zinemara eraman dira. ‘Strangers on a train’ (Ezezagunak tren batean), adibidez, hiru aldiz bilakatu da pelikula, 1951n Alfred Hitchcockek berak zuzenduta. Tom Ripley da istorio horretako pertsonaiarik ezagunena eta beste eleberri askotako protagonista ere bada.

Patricia Highsmithek misteriozko eleberriak idatzi zituen, eta baita kontakizun labur ugari ere.
Patricia Highsmithek misteriozko eleberriak idatzi zituen, eta baita kontakizun labur ugari ere. (WIKIPEDIA)

Fort Worth herrian sortu zen Patricia Highsmith, Texasen. Misteriozko nobelagile bezala da batez ere ospetsua, baina kontakizun labur ugari ere idatzi zituen, makabroak, satirikoak eta umore beltzez ongi bustiak.

Errua, gezurra eta krimena, horiek dira landu zituen gai nagusiak. Sortu zituen pertsonaiak oso ondo marraztuak daude, eta psikopatiaren inguruan dabiltza, ongiaren eta gaizkiaren artean. Hori oso agerikoa da ‘Ezezagunak tren batean’ lanean. Alfred Hitchcockek zinemara eraman zuen obra, Raymond Chandlerrek gidoia moldatuta.

Errealitatea ezkor eta ilun agertzen da Highstmithen liburuetan, gizakia bera bezala. Inoiz agertzen dira erreferentzia homosexualak; ‘Carol’, adibidez, atzera bota zuten argitaratzaileek lesbianismoa agerian jartzen zelako. Hala ere, 1953an argitaratu zuen Claire Morgan gaitzizenarekin, eta milioi bat ale saldu zituen. Bere azken eleberrian ere homosexualitatea azaltzen da.

Bazterreko pertsonaiak sortu zituelako nabarmendu zen: eztabaida bilatzen du, eta anbiguotasun moralak erakartzen du; bere pertsonaiek hipokrisia soziala baliatzen dute.