GAUR8
Gaur X urte

Katalina/Antonio Erauso jaio zen gaurko egunez Donostian

Gaurko egunez jaio zen Katalina Erauso bezala bataiatutako donostiarra, mojen komenturik ihes egin zuen gizona zela aldarrikatuz, eta ordutik aurrera Antonio izena hartu zuen.

Erausoren erretratua.
Erausoren erretratua. (Wikipedia)

«Katalina/Antonio Erauso kalea», Donostiako Katalina Erauso kaleari izena aldatu eta horrela jartzeko aldarrikatu zuten duela urtebete inguru Paul B. Preciadok, Helena Cabellok eta Ana Carcellek. Izan ere, ‘Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa’ Bilboko Alondegiko erakusketa aretoa egitearen arduradunak izan ziren eta konturatu zirenean Donostiako Udalak kale bati Katalina Erauso izena jarri ziola «bidegabekeria nabarmena» zela salatu zuten, eta horrela, «Erausoren generoaren trantsizio-prozesuaren arrastoa utzi, eta izendapen horrek bere pertsonaren bizi-errealitatearekin bat egin dezan» aldatu behar dela.

Merkatari familia batean jaio zen gaur bezalako otsailaren 10 batez 1592an. Bataioan eman zioten izen hori, baina 15 urte zituenean gizon gisa jantzita ihes egin zuen komentutik. Izan ere, lau urte zituela domingotar mojen komentuan sartu zuten. Soldadu bihurtuta, euskaldun askok bezala Atlantikoa zeharkatu eta Txiletik Mexikoraino kolonizatutako lurretan borrokan, lapurretan eta sarraski artean eman zuen bizitza... harrapatu zuten arte.

Bitxia bada ere, ez zuten akabatu. Katalina ospetsu bihurtu zen –lesbiana zen, eta birjina mantendu zenez, horrek babestu zuen heriotzatik– eta bere oroitzapenak idatzi zituen.

Bere izena hartu zuen pastoral bat ere sortu zuten, eta 2016an aurkeztu zuten Baionan. Maite Berrogain idazleak idatzi zuen, eta estreinaldian 3.000 lagun baino gehiago elkartu ziren. Pastoral horren bereizgarri nagusia emakumeen presentzian datza, lehen aldiz idazlea, errejentsak eta sujeta emakumezkoak izan baitziren.