GAUR8
Gaur X urte

Duela 93 urte, gaurko egun batez jaio zen Lucio Urtubia igeltsero eta anarkista

Lucio Urtubia militante anarkista eta igeltseroa gaurko egun batez jaio zen, 1931n Nafarroako Cascante herrian. Bere ekintza famatuena First National City Bank-i egindako iruzurra izan zen, bidaia-txekeak faltsutuz Hego Amerikako mugimendu iraultzaileak finantzatzeko.

Lucio Urtubia Iruñeko kaleetan 2014an. (Iñigo URIZ / FOKU)
Lucio Urtubia Iruñeko kaleetan 2014an. (Iñigo URIZ / FOKU)

Lucio Urtubia Jimenez 1931ko otsailaren 18an, gaur 93 urte, jaio zen. Igeltsero eta militante anarkista izan zen eta Europako ezkerreko taldeekin eginiko lanarengatik oso miretsia izan zen. Baita ekintza zuzena erabili zuelako ere bere aldarrikapenak jendarteratzeko.

Urtubia Nafarroako Cascante herrian jaio zen, bost anai-arrebako familia txiro batean. Aita karlista gisa sartu zen kartzelan eta komunista bihurtuta atera zen. 19 urterekin, Luciok bere bizitza markatuko zuen hitza entzun zuen bere ahotik lehen aldiz: «Ni berriro jaioko banintz, anarkista izango nintzateke». 1954an Parisen erbesteratu zen, igeltsero gisa lan egin zuen eta hil zen arte bizi izan zen hirian.

60ko hamarkadan bankuetan lapurretak egiten hasi zen eta 70ko hamarkadan nazioarteko desjabetze historiko baten buru izan zen. First National City Bank (egungo Citibank) bankuaren bidaia-txekeak faltsutu zituen. Inprimatzeko plantxak egin zituzten, eta 25 txekeko 8.000 orri inprimatu zituzten; 20 milioi dolar inguru. Lapurtutakoa, Hego Amerikako mugimendu iraultzaileak finantzatzeko balio izan zuen.

Bere bizitzan zehar, pertsona ospetsu askorekin batera aritu zen, hala nola Che Guevara, Eldridge Cleaver (Black Panthers taldeko liderra) edo Albert Camus.