EHUko Adezleak 149 kontsulta eta bitartekotza eskaera jaso zituen 2023an
Eskubideen zaintzaz arduratzen den EHUko Adezlearen bulegoak 149 gai jaso zituen 2023an. Ebaluazioa, azterketak, izapideak edota irakasleen falta izan ziren gai ohikoenak, eta irakasle eta ikertzaileen kasuan, plazak eskuratzearekin eta sustatzearekin lotutakoak.
Adezleak, EHUko Klaustroak kide guztien eskubideen zaintzarako izendatzen duen pertsonak, 149 kontsulta, kexa eta bitartekotza-eskaera jaso zituen 2023an, gehienak ikasleek eta irakasle eta ikertzaileek eginak.
Aste honetan egindako klaustroan eman ditu datuok Iñigo Urrutia adezleak, urteko memoriaren aurkezpenean. Azaldu duenez, pasa den urtean zehar 147 lagunek jo zuten Adezlearen bulegora, eta 149 gai planteatu zituzten.
Zerbitzua abian jarri zenetik, 1.474 lagun igaro dira bulegotik, eta 1.692 kasu eta 105 gertakari-kontakizun aurkeztu dituzte.
Joan den urtean jasotako kasu guztietatik, 53 gai ikasleek aurkeztu dituzte, 51 irakasle eta ikertzaileek, 18 administrazio eta zerbitzuetako langileek eta 27 euskal unibertsitate publikotik kanpoko pertsonek.
Zehaztutakoaren arabera, jarritako kexen kopuruak behera egin du 2019. urtera arte, eta gehiago dira kontsulta gisa planteatzen diren gaiak.
Azaldu dutenez, kontsulta formatua oso sistema erabilgarria da aurkezten diren kasu gehienen tratamendua bideratzeko; izan ere, prozedura «arina da, eta analisi, ikerketa eta kontraste azkarra» eskatzen du, «planteatzen den gaiari irtenbide egokia bilatzeko asmoz». Kexa-prozedura, aldiz, «burokratizatuagoa» da eta «dokumentu-fase landuagoak behar dituzten» egoerak dira.
Azterketen inguruko desadostasunak
Ikasleen kasuan, planteatu diren gairik garrantzitsuenak ikaskuntzaren ebaluazioari buruzkoak dira, 2023an 20 gairekin. Zehazki, lau kexa eta 16 kontsulta izan dira. Kexa horietako hiruk irregulartasunak planteatzen zituzten irakasgaiaren ebaluazioan, proposatutako azterketaren egokitasunik eza, galdera anbiguoak edo zuzenketarik eza, letra irakurtezina izateagatik.
Gainera, graduko edo graduondoko ikasgaien matrikulazioaren administrazio-kudeaketarekin lotutako kexei edo kontsultei dagokienez, 2023an lau aldiz jaso dira ikasleen edo haien ordezkarien kexak, ingelesez edo euskaraz eman behar ziren irakasgaietan irakasleak falta zirelako.
Irakasle eta ikertzaileen kolektiboan, gairik ohikoenak sailetako plazak eskuratzearekin eta/edo sustatzearekin lotuta daude.
Urteko txostenaren aurkezpenean, nabarmendu du Urrutiak unibertsitateak «kolektibo ahulenen eskubideekin duen konpromisoan sakontzen jarraitu behar» duela, «askatasunerako, kultur ikuspegi desberdinen arteko eztabaidarako, hierarkiarik gabe, unibertsitate hau osatzen duen kolektibo osoaren garapen pertsonal, akademiko eta profesionala bultzatuz».