GAUR8
Gaur X urte

Amable Arias duela 40 urte hil zen ia errekonozimendurik jaso gabe

Artista polifazetikoa izan zen, eta pinturan, literaturan eta artegintzan orokorrean lan handia egin zuen, nahiz eta 56 urterekin hil. Politikoki eta sozialki konprometitua, teknika berritzaileak erabili zituen eta irudimen ikaragarriko sorkuntza izan zen berea.

Amable Ariasen artelanak erakusketa batean.
Amable Ariasen artelanak erakusketa batean. (Jon URBE | FOKU)

Amable Arias artista famatua Ategorrietako bere etxean hil zen 1984ko otsailaren 29an, duela 40 urte, koma nefritikoz. Bembibren, Leonen, 1927ko ekainaren 29an jaioa, 1942an Donostiara etorri zen bizitzera familiarekin, eta garaiko euskal kulturgileekin harreman oso estua izan zuen.

Artista polifazetikoa izan zen, eta pinturan, literaturan eta artegintzan orokorrean lan handia egin zuen, nahiz eta 56 urterekin hil. Politikoki eta sozialki konprometitua, teknika berritzaileak erabili zituen eta irudimen ikaragarriko sorkuntza izan zen berea.

Bizitza gogorra izan zuen eta osasun arazoak etengabeak izan ziren gazte-gaztetatik. 1936an, bederatzi urte zituela, istripu larria izan zuen tren-geltoki batean eta ebakuntza ugari egin behar izan zizkioten. Gainera, ez zen eskolaratua izan eta aitak jo egiten zuen.

Baina behin aitarekin harremana etenda, bere gaitasun artistikoak berehala geratu ziren agerian. Akuarela-eskolak eman zizkion Ascensio Martiarenak, adibidez, eta ama Donostiako Antzoki Zaharrean lanean hasi zenean artista askorekin harremantzeko aukera izan zuen.

Hala ere, bere ibilbidea ez zen erraza izan. 1960an bere bakarkako lehen erakusketa bertan behera gelditu zen, interesik sortzen ez zuelakoan, eta 1963an "Espacios Vacios" erakusketak kritika ugari jaso zituen, lan esperimentala ez zelako ulertzen garai hartako Donostian.

60ko hamarkadaren amaieran Gaur taldean parte hartu zuen garaiko euskal artista handienekin, baina jendaurreko jarduerari ez zion garrantziarik eman eta ez zuen merezitako errekonozimendurik jaso.

Bere bizitzako azken urteetan, heriotza gertu ikusita, jarduera oparoa izan zuen. Eta hil ondoren, Maru Rizo bikotekideak sekulako lana egin zuen bere obra katalogatu eta zabaltzeko.