GAUR8

Arabako Mendialdeko eskualdearen ondarea ezagutarazteko ibilbideei ekingo diete berriz: larunbatean, Arraia-Maeztun

Hurrengo larunbatetik aurrera Arabako Mendialdeko eskualdeak bere ondare historiko, artistiko eta kulturala ezagutzeko ibilbideak jarriko dira abian. Lehen proposamenak Arraia-Maeztura eramango ditu parte hartzaileak, bertan erromanikoaz edota aro modernoko jauregiez gozatzera.

Birgaragoien herria, irudian.
Birgaragoien herria, irudian. (Wikipedia)

Arabako Mendialdeko Kuadrillak eta Erdi Aroko Arabako lantaldeak eskualde horretako ondare artistiko, historiko eta kulturala ezagutarazteko ibilbideei ekongo die berriro larunbatean, hilaren 23an. Ohar bidez jakinarazi dutenez, lehen ibilbidea asteburu honetan izango da, ‘Erdi Arotik Barrokoaren distirara’ izenburupean.

Ibilbideak izango duen lehen geldialdian, Birgaragoiengo (Arraia-Maeztuko udalerria) eliza erromanikoa bisitatuko da, oso ikonografia aberatseko portada eta lurralde osoko bataiarri «ikusgarrienetako» bat dituena.

Ibilbideak Apellanizen jarraituko du, Aro Modernoko jauregiak dituen hiribildu nagusian. Eliza parrokiala bisitatuko dute bertan, non erromanikoak Barrokoari lekua uzten dion.

Programatutako hurrengo ibilbideak apirilean, maiatzean eta ekainean egingo dira. ‘Santikurutze Kanpezu hiribilduaren ondare-aberastasuna (Ibernalorekin)’, apirilaren 13an; ‘Mendiko tenplu handiak: Urizaharra eta Payueta’, apirilaren 27an; ‘Erromanikotik Errenazimentura Haranan: Done Bikendi Arana eta Uribarri Arana’, maiatzaren 11n; ‘Errenazimentuko distira Villaverden eta Lagranen’, maiatzaren 25ean, eta ‘Artea eta muga-politika: Bernedo integrala (Okonekin)’, ekainaren 8an.

Antolatzaileek nabarmendu dute derrigorrezkoa dela aldez aurretik erreserba egitea. 945 40 54 24 telefonoan egin daiteke, astelehenetik ostegunera bitartean, ibilbidea egin baino lehen. Ondare-ibilbideak doakoak dira eta ez dute lekualdaketa barne hartzen; beraz, erabiltzaile bakoitzak bere ibilgailuan joan beharko du.