GAUR8

EAEko 200 familiak eta 20 ikastetxek baino gehiagok parte hartu dute elikadura hobetzeko ‘Elikation’ proiektuan

Gazteen elikadura eredua hobetzea helburu du ‘Eikation’ proiektuak EAEko 200 familia eta 20 ikastetxe baino gehiagoren parte hartzea izan du, eta oraindik ikerketa aberasteko aukera dago, webgunean sartuta eta elikadura ohiturei buruzko galdetegia bete ondoren.

Menu kolektiboetarako sukalde bat, artxiboko irudian.
Menu kolektiboetarako sukalde bat, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 200 familiak eta 20 ikastetxek baino gehiagok hartu dute parte euskal gazteen elikadura eredua hobetzea xede zuen 'Elikation' izeneko proiektuan.

Ekimenak erronka estrategiko horri erantzun nahi dio, eta haurtzaroko eta nerabezaroko janariarekiko harremanak ikertu, eredu osasungarriago eta jasangarriago bat bultzatzeko aukerak hautemate aldera. Lanaren lehen faseak abian direla, datozen hilabeteetan ondorioak ateratzeko aurreikuspena dago.

Egitasmoa ezagutarazteko, mezuak jarri dituzte Donostiako haur parketan, agerian uzteko garrantzitsua dela gazteen elikadurari ikuspegi global batetik heltzea, ikastetxeak, familiak eta, oro har, gizartea inplikatuz.

“Aitorrek fruta darama hamaiketakorako, baina nahiago luke txokolatezko ogitarteko bat, bere lagunek bezala” edo “Shamirak pizza afaltzen du asteburuetan, ikastolako jantokian osasuntsu jaten baitu astean zehar” moduko mezuak agertzen dira karteletan, eta ‘Elikation’ ekimenean parte hartzeko gonbidapena egiten zaie familiei QR kode batean sartuz.

Proiektuaren komunikazio ardatz nagusietako bat www.elikation.eus webgunea da. Bertan, eskola adinean dauden adingabeak dituzten EAEko familiek beren elikadura ohiturei buruzko galdetegi bat betetzeko aukera dute. Webguneak ‘mikrofono ireki’ bat du, eta, bertan, familia elikadurarekin lotutako zenbait gairi buruzko gogoetak grabatu ahal izango ditu nahi duenak.

Orain arte, 200dik gora familiak bete dute inkesta, baina oraindik ere galdetegia osatu eta ikerketa aberasten jarraitzeko aukera dute etxean adin txikikoak dituztenek. Ikerketak ikastetxeetan jartzen du arreta bereziki, eta horiek bertan lantzen duten elikadura ereduari buruzko informazioa ere ematen ari dira azterlanerako.

Esperimentua

Ikerketaren kalitatea aberasteko asmoz, hamar euskal familiarekin esperimentu bat egin da. Elikadurarekin lotutako hainbat erronka proposatu zaizkie, eta familiek horiei heldu diete eta prozesua bideoetan dokumentatu dute. Ikus-entzunezko horiek lan materialaren parte dira jada, eta ikasteko, hobekuntzarako arloak identifikatzeko eta ekintza zehatzak proposatzeko balio dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Askora enpresak bultzatzen dute ekimena. Azken honek 19 urteko esperientzia du eskola jantokiak diseinatzen eta kudeatzen, eta ‘Mahi-Mahi’ eredu aitzindaria sortu du, jantokiaren ikuspegi gastronomikoa gainditu eta jangela gozatzeko eta ikasteko espazio gisa ulertzeko.

‘Elikation’ proiektuak Karabeleko etxalde agroekologikoaren, Jesuitak Donostia ikastetxearen eta Lazkaoko San Fidel ikastolaren bultzada du, baita beste elikaduraren sektorearean erreferentzia diren beste erakunde batzuen laguntza ere: Elika, Hazi, Elikaduraren Euskal Kluster eta Innobasque eragileena eta hamar bat ikastetxerena.

Azterlanaren ondorioak atera ondoren, eskola ekosistema osatzen duten eragileekin partekatuko dira, ikastetxeetako jantokiak, irakasleak eta familiak barne, elikadura eredu osasungarriagoa eta iraunkorragoa progresiboki ezartzea ahalbidetuko duten estrategia bateratuak garatzeko.