‘Memeka’, euskarazko memeak sortzeko gazteentzako gonbidapena
Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka euskarazko meme lehiaketa antolatu dute 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Helburua ez da soilik dibertimenturako tartea eskaintzea, Iurdana Acasuso fundazioko zuzendariak ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkio GAUR8ri.
Aste honetan bertan zabaldu du ‘Memeka’ lehiaketak lanak aurkezteko epea. 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago deialdia, eta euskarazko memeak sortzea da planteatzen duen erronka. Sormen prozesua errazteko, tresna gisa ‘memeka.eus’ plataforma erabili behar dute.
Plataforma horretan, irudi garbiak aurkituko dituzte memeak sortzeko. Hortik aurrera, dibertigarrienak, ironikoenak... sarituko dituzte, webgunearen bidez jasotako botoen arabera, edota Memekako Instagram eta Pixelfeld kontuetan emandako «like» kopuruaren arabera.
Memeak bezalako umorezko mezu sinple horiek, «gure egunerokotasunean oso presente daudenak» aukeratu dituzte antolatzaileek gazteen artean ingurune digitalean euskararen presentzia indartzeko.
Horretan jarri du azpimarra Iurdana Acasusok, GAUR8ren hurrengo alean ikusiko dugunez. Lehiaketa hauek sortzaileentzako abiapuntu bat izan daitezkeela azpimarratu du. «Gure ekarpena egin nahi genion ingurune digitalean dauden euskarazko edukiei», adierazi du Azkue Fundazioko zuzendariak.
Espazio digitalak «euskarazko edukiez betetzea» da erronketako bat, «euskaldunok kontsumitu ditzagun». Baina horretarako sortu egin behar dira eta lehiaketa hau sorkuntzarako aitzakia edo deialdi bat dela nabarmendu dute.
«Ate bat, lehen urrats bat»
Adin tarte horrengana heltzeaz gain, ereduak ere eskaini nahi ditu ekimenak. Acasusok aipatu duenez, «askotan beraientzat lehen aldia izaten delako horrelako gauza bat egiteko, beraiek sortutako euskarazko eduki digital bat egiteko, eta gure ustez, hau ate bat izan daiteke askorentzat, lehen urrats bat, sorkuntza digital horretan murgiltzeko».
Bide horretan, honelako ekimenak ‘influencer’ berrientzako bide izan daitezkeen galdetu diogu Azkue Fundazioko arduradunari. Dioenez, «helburua hori da, etorkizuneko influencer-ak trebatzen hastea eta aritzen jartzea, eta zergatik ez, etorkizun labur batean euskal ‘influencer’ pila egotea».