Agurainek erromesen aterpetxea ireki du berriro, hiru urtez itxita egon ondoren
Pandemiaren ondorioz itxi eta ondoren hiru urtez ireki gabe egon ostean, berriz zabaldu ditu ateak Aguraingo erromesen aterpetxeak, instalazioan zenbait berrikuntza egin ondoren. Erreserbak, adibidez, ‘online’ egin daitezke orain, udal webgunearen bidez.
Aguraingo Udalak jakinarazi du herriko erromesen aterpetxeak berriro ireki dituela ateak martxoan, covid izurritearen ondorioz itxi eta hiru urtez zerbitzua eman ganbe egon ostean.
Ohar batean udal iturriek azaldu dute zenbait hobekuntza egin direla instalazioetan, altzariak birkokatuz eta oheko arropa berrituz. Egonaldia erreserbatzeko sisteman ere berrikuntzak daude erabiltzaileentzat, ‘online’ egin baitezakete.
Gogorarazi dutenez, aterpetxea kirol-gunean dago, eta inguruan aparkaleku publiko handia dago. Eraikinak hiru logela ditu guztira, hamaika lagunentzako edukierarekin. Literak dira eskaintzen dituen ohe guztiak, armairuak eta oheko arropaz hornituak.
Komun partekatua eta banakako bi dutxa dituen aldagela ere baditu. Gainera, mahaiak eta aulkiak, sukaldeko altzariak eta mikrouhin-labea dituen eremu komun bat dago.
Sistema berri bat
Erreserbei dagokienez, gaueko prezioa 10 eurotan ezarri da eta ‘online’ sistema berri bat ezarri da udalaren webgunea erabiliz edo ‘Parking Berdea’ doako mugikorrerako aplikazioaren bidez.
Zehaztu dutenez, erreserba egin eta ordainketa egin ondoren, zenbakizko kode bat jasoko du erabiltzaileak, egun batez instalaziora sartu ahal izateko, egonaldiaren gehieneko denbora baita.