GAUR8
Gaur X urte

1867ko martxoaren 30ean AEBek Alaska erosi zioten Errusiari, 7 milioi dolarren truke

7,2 milioi dolarren truke Amerikako Estatu Batuek Errusiar Inperioari Alaska erosi zioten gaur 157 urte, 1867ko martxoaren 30ean. Gaur egun Alaska estatua den 1.518.800 kilometro koadroko lurra erosi zion, William H. Seward AEBetako Estatu idazkariaren eskariz.

Alaska erosteko erabilitako txekea.
Alaska erosteko erabilitako txekea. (Wikimedia Commons)

1867ko martxoaren 30ean, gaur duela 157 urte, Amerikako Estatu batuek orduko 7,2 milioi dolar ordaindu zizkioten Errusiako Inperioari gaur egun Alaska estatua den lurraren truke. Gaur egungo 125 milioi dolarreko baliokidea da prezioa.

William H. Seward AEBetako Estatu idazkariaren eskariz egin zuten estatubatuarrek 1.518.800 kilometro koadroko erosketa hau, ingelesez ‘Alaska Purchase’, Alaskaren erosketa, deritzona.

Errusia egoera ekonomiko zail batean zegoen, eta beldur zen Alaskako lurraldeak galduko ote ziren inolako ordainik gabe etorkizuneko gatazketan, ziur aski bere etsai britaniarrek, erraz hartu ahal zutelako defendatzeko hain zaila zen Alaska bezalako eskualde bat. Hortaz, Alexandro II.a enperadoreak lurraldea Estatu Batuei saltzea erabaki zuen. Eduard Stoecklekoa bere ministroa bidali zuen eta Sewardekin negoziazioei martxoaren hasieran ekin zieten.

Horrela, negoziaketak martxoaren 30eko goizaldeko lauretan amaitu ziren, 7,2 milioi dolarreko azken prezioarekin. Estatu Batuen iritzi publikoa erosketarekiko positiboa izan zen orokorrean, nahiz eta zutabegile batzuk lurren erosketaren aurka agertu.

Erosketa egin zenean, ‘Stewarden erokeria’, ‘Stewarden hozkailua’ edo ‘Andrew Johnsonen hartz polarren parkea’ deitu zitzaion, hain urruneko eskualde batean hainbeste diru gastatzea arduragabekeriatzat hartu zutelako.