GAUR8
Gaur X urte

Itziar Aizpurua militante estimatuak 81 urte bete ditu gaur

Gaurko egunez jaio zen 1943an Itziar Aizpurua ezker abertzaleko militante eredugarria. Euskal Herriaren historia garaikidean mugarri izan diren hainbat gertaera bertatik bertara bizi izan ditu, eta pasioz kontatu izan dizkie belaunaldi berriei.

Itziar Aizpurua, 2020an ateratako argazki batean.
Itziar Aizpurua, 2020an ateratako argazki batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Itziar Aizpurua Egaña, ezker abertzaleko militante historikoa, Deban jaio zen 1943ko apirilaren 2an. Gaur 81 urte bete ditu, beraz. Burgosko prozesuan epaitua izan ostean zazpi urte eman zituen espainiar Estatuko kartzeletan, 1976. urtean aske utzi zuten arte. Beti erakutsi duen militantzia sutsuaz gain, ordezkaritza politikoari ekin zion orduan, besteak beste Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide bezala eta Gasteizko Legebiltzarkide moduan.

1997ko azaroan HBko beste mahaikideekin batera kartzelatua izan zen, Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia bat tarteko. Zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten mahaikide bakoitzari, nahiz eta 1999ko uztailean Auzitegi Konstituzionalak ontzat hartu zituen kartzelatuen errekurtsoak eta aske gelditu ziren Aizpurua eta gainerako mahaikideak.

«Abertzale izatea lur batean bizitzea da -ama lurra- hura maitatzeko, defendatzeko. Jaio ginena izan nahi dugun leku batean bizitzea. Euskaldun jaio ginen eta euskaldun hil nahi dugu. Lur batean jaio ginen eta ez dugu beste ezer nahi, ez dugu ezer konkistatu nahi, ez ditugu besteen gauzak nahi, gurea nahi dugu eta lurralde hau defendatu. Eta subiranoak izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki, gure herria askatasunean eraiki», erantzuten zion 2010ean Fermin Munarrizi emandako eta GARAn argitaratutako elkarrizketa eder batean.