Duela 80 urte jaio zen Xabier Lete Oiartzunen
Xabier Lete Bergaretxe gaurko egunez jaio zen Oiartzunen, 1944an. Idazle, poeta eta kantari aparta izan zen, abesti oso kantatuen egilea; ‘Xalbadorren heriotzean’, ‘Nafarroa arragoa’ eta ‘Izarren hautsa’, adibidez. Lourdes Iriondo musikariaren senarra zen eta asko abestu zuten elkarrekin. Donostian zendu zen, eritasun luze baten ondorioz, 2010eko abenduaren 4an.
‘Xalbadorren heriotzean’, ‘Nafarroa arragoa’, ‘Izarren hautsa’ eta ‘Gizon arruntaren koplak’ dira Xabier Lete Bergaretxe artista oiartzuarraren kantu ezagunenetako batzuk. Euskal Herriko kulturako izen handietako bat dugu gaur 80 urte sortu zen abeslari, idazle eta poeta.
Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren ‘Zeruko Argia’ aldizkarian. Euskal Kantagintza Berriko partaide nagusietarikoa izan zen, 1965ean martxan jarri zuten Ez Dok Amairu taldeko kidea Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze eta Jose Angel Irigarayrekin batean.
Sasoi haiek gogoan, hau esan zuen Letek: «Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen». 1972an, taldea desegin zenean, ordurako emazte zuen Lourdes Iriondorekin kantagintzan jarraitu zuen.
1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009an bere azken ‘Egunsentiaren esku izoztuak’ poesia-liburuarekin Euskadi Literatura Saria irabazi zuen. Urte berean, Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kide (jakituna) izendatu zuten, eta 2010ean, ohorezko euskaltzain. Urte hartan bertan hil zen, 66 urterekin.