GAUR8

Euskal literatura irabazle, Euskal Herriko ikastoletako ‘JUUL’ hauteskunde literarioan

‘JUUL’ hauteskunde literarioa egin dute Euskal Herri osoko 50 ikastoletan, ikasleek gustukoen duten liburua eta ilustratzaile gogokoenak aukeratzeko. 14.595 boto jaso dituzte liburuen atalean, eta 7.584 ilustratzaileei eskainitakoan.

Euskarazko irakurketa bultzatzea da ekimenaren helburua.
Euskarazko irakurketa bultzatzea da ekimenaren helburua. (Oskar MATXIN | FOKU)

Euskal Herriko 50 ikastolek hartu dute parte euskarazko liburuak hautagai dituzten ‘JUUL’ hauteskunde literarioan. Pasa den ostegunean ospatu zen irakurtzeko zaletasuna bultzatzea helburu duen hitzordu berezi hori, eta hilabetearen aukeraketa bera ere ez da kasualitatea izan.

«Hilaren 2an Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna da, beraz, literaturari eskainitako hilabetea da», azaldu du Ikastolen Elkarteak.

Hauteskunde literario horretan parte hartzera ikasle guztiak daude deituta, Haur Hezkuntzatik hasita Batxillergora arte, eta bi dira bozak: gogokoen duten euskarazko liburua eta liburu-ilustratzailea aukeratzeko. Liburua aukeratzeko atalean, 14.595 boto jaso du deialadia, eta 7.584 ikaslek hartu dute parte ilustratzaileen kategorian.

Hauteskundeak eta boto elektronikoa

Nabarmendu dutenez, ikastolak dira hautespen prozesuko benetako protagonistak, eta «aukeraketa egiteaz gain, hauteskunde-mahaian lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan» aritzen dira, hauteskunde-prozesu bat zer den ikasiz.

Boto txartelaren ondoan, boto elektronikoa erabiltzeko aukera izan dute ‘JUUL’ webgunearen plataformaren bidez. Azken honetaz, zehaztu dute «irakasleen irakurketa bultzatzeko baliabideen bilgune» dela.

Emaitzei dagokienez, Amaia Egidazuren ‘Dorotea’ (Pamiela), Junkal Lertxundiren ‘Itsas haizea dabil’ (Ikaselkar), Ibon Matinen ‘Onin eta komiki madarikatua’ (Trave Bug), Nerea Loiolaren ‘Azken denbora’ (Erein) eta Jasone Osororen ‘Festa’ (Elkar) dira kategoriaren arabera, lehen postuetan agertzen diren liburuak. Ilustratzaileen atalean, Emmanuel Montiel, Eider Eibar, Joseba Larratxe ‘Josevisky’, Julen Ribas eta Cristina Fernandez izan dira bozkatuenak.

Ekimena mailaren araberako kategoria ezberdinak izan ditu, eta ez da emaitza hutsetan bukatu. Aurreratu dutenez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egingo die bozkatuen izan diren idazleei eta ilustratzaileei. ‘JUUL’ saria Dora Salazar artista nafarrak egina izan da.