Ikasleen artean mugikortasun aktibo eta segurua sustatzeko esperientzia burutzen ari dira Sopelan
Eskola joan-etorrietan, mugikortasun aktiboa, jasangarria eta segurua sustatzeko proiektu bat jarri dute abian Sopelan, herriko bi ikastetxeren parte hartzearekin: Zipiriñe eskola eta Ander Deuna ikastola.
‘Sopela Bideak’ izeneko proiektua jarri dute abian Bizkaiko kostaldeko udalerrian, «ikastetxeetako joan-etorrietan mugikortasun aktiboa, iraunkorra eta segurua sustatzeko». Lehen esperientzia honetan, Zipiriñe eta Ander Deuna ikastetxeekin elkarlanean ari da Udala.
Udal iturriek azaldu dutenez, hainbat helburu ditu egitasmoak: «ingurune lagunkoia eraikitzea, ikasleen autonomia indartzea, guztien osasuna hobetzea eta gure erkidegoan trafikoa murrizten eta ingurumena hobetzen laguntzea».
Guruzne Carrasson alkatearen esanetan, proiektua urrats bat da mugikortasun iraunkorra sustatzeko, eta, aldi berean, «eskola komunitatearentzat ingurune osasungarriagoak eta seguruagoak sortzeko» aukera bat. Elkarlana ere nabarmendu du agintariak, ikastetxeen arteko eta udalarekiko harremanak nabarmenduz.
Zehaztu dutenez, poiektuan parte hartuko dute Ander Deuna ikastetxeko Lehen Hezkuntzako (LH) 4., 5. eta 6. mailako ikasleek eta Zipiriñeko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoek.
Planifikazioa zehaztu dute
Proiektuan, halaber, hainbat urrats zehaztu dituzte eta jarduera-egutegi bat jarri dute abian, egitasmoaren planifikazioa eta jarraipena egiteko. Izan ere, autonomiari eta mugikortasunari buruzko inkestak egingo dituzte ikasleen artean, emaitzen azterketa eta mapeo bat egitea aurreikusita daude, azken hau «ikastetxeetara elkarrekin joateko elkarguneak eta ordutegiak planifikatu eta zehazteko».
Agenda jarraituz, irailean, informazio bilera egingo dute familiekin, proiektuan parte hartzera animatuz; urriaren hasieran, diagnostiko saioak egingo dituzte, eta azken txanpan, proiektuaren eragina ebaluatu eta haren eraginkortasuna neurtuko dute.