EAEko liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren iaz, 2020an baino %48 gehiago
Pandemiak eragindako jaitsieraren ostean, %48 igo dira liburuen mailegoak azken lau urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegi publikoen sarean. Datuek paperak indartsu jarraitzen duela adierazten dute. Iaz 42.000 erabiltzaile gehiago irabazi ditu sareak.
EAEko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan %48ko hazkundea izan dute maileguek azken lau urteetan, eta horrela, pandemiak sortutako jatsiera ia erabat estali da. Hain zuzen, sareak 2.740.425 mailegu egin zituen 2023an, eta paperak (2.618.524) indartsu jarraitu zuen euskarri digitalen aurrean.
Gainera, iaz 253.363 mailegu egin ziren liburutegien artean, hau da, erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian aurkitzen ez duenean, beste batetik helarazten zaio. Sareak 976.465 lagun batzen ditu, eta iaz 42.000 erabiltzaile berri baino gehiagok eman zuten izena, Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak gaur plazaratutako datuen arabera.
Pasa den urtean gehien mailegatu ziren liburuak ‘Bar Gloria’ (Nerea Ibarzabal), ‘Eraikuntzarako materiala’ (Eider Rodriguez) eta ‘Azken etxea’(Arantza Urretabizkaia) izan ziren euskaraz, eta ‘Esperando al diluvio’ (Dolores Redondo), ‘El ladrón de rostros’ (Ibon Martin) eta ‘El cuco de cristal’ (Javier Castillo) gaztelaniaz.
Lakuako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Irakurketa Publikoko Sarea, liburutegi publiko guztiak bildu, sinergiak sortu eta zerbitzuak hobetzeko.
Sarearen oinarria udal titulartasuneko liburutegiak dira; edonola ere, bertan dago Arabako Foru Aldundiko Ignacio Aldecoa liburutegia eta sartzear da Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelena Kulturunea. Halaber, sarean udalaz kanpoko titulartasuna duten beste liburutegi batzuk ere sartzen dira (Gasteizko Gobernuaren Liburutegi Nagusia, Arantzazuko Liburutegia, HABE). Gaur egun, Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.899.917 ale biltzen ditu.
Liburutegi digitala
Bestalde, eLiburutegia EAEko liburutegi digitalak 121.901 mailegu egin zituen 2023an. Gainera, 6.826 erabiltzaile berri erregistratu ziren eta, guztira, 65.686 pertsona daude izena emanda gaur egun. Mailegu gehien egin zen hilabetea abuztua izan zen (11.284), eta erabiltzaile berri gehien erregistratu zen hilabetea urria.
Iaz eLiburutegian gehien mailegatu ziren liburuak ‘Miñan’ (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde), ‘Bar Gloria’ (Nerea Ibarzabal), ‘Eraikuntzarako materiala’ (Eider Rodriguez) eta ‘19 kamera’ (Jon Arretxe) izan ziren euskaraz, eta ‘El ladron de rostros’ (Ibon Martin), ‘Todo arte’ (Juan Gomez Jurado), ‘Esperando al diluvio’ (Dolores Redondo) eta ‘El nido del cuco' (Camilla Läckberg) gaztelaniaz.
Gaur egun, eLiburutegiak 30.631 ale biltzen ditu eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera eskaintzen du. Nobedade gisa, audioliburuak ere eskuragarri jarri dira liburutegi digitalean 2023an, eta orotara 569 audioliburu daude.
Bestalde, euskal idazleei aitorpena egiteko, eLiburutegian Euskadi Literatura Saria lortu izan duten obrak batzen dituen atal berezia sortu da 2023an. Era honetan, erabiltzaileek errazago izango dituzte eskuragarri saritutako obrak.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2014ean jarri zuen martxan eLiburutegia egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko asmoz. Liburutegi digitala erabili ahal izateko, erabiltzaileak EAEko Irakurketa Publikoko Sarearen liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile izena eta sarbide pasahitza lortzen ditu.