GAUR8

Ordutegia zabaldu du adinekoei eta unibertsitariei zuzendutako ’bideON Arratian’ zerbitzuak

Eskaeraren araberako taxi zerbitzuak ordutegi zabalago bat izango du Arratian, Mankomunitateak iragarritakoaren arabera. Adineko lagunei eta unibertsitateko ikasleei bereziki zuzenduta, beharretara egokitu eta bizi-kalitatea hobetu nahi du, CO2ko isurketak murriztuz.

Galdakao-Usansoloko Ospitalea, zerbitzuak eskaintzen duen helmugetako bat.
Galdakao-Usansoloko Ospitalea, zerbitzuak eskaintzen duen helmugetako bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arratiako Mankomunitateak jakinarazi duenez, ‘bideON ARRATIAN’ eskaerako garraio jasangarriaren zerbitzuak ordutegia zabalduko du aste honetatik aurrera. Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri udalerrietako 65 urtetik gorako herritarrei eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago.

Adinekoen kasuan, zerbitzua 8.00etan hasteak aukera emango die erabiltzaileei Galdakao-Usansoloko Ospitalean eta eskualdeko osasun-zentroetan baraurik egiten diren analisi-probak egiteko. Hala, garraioa eskatuta erabiltzeko aukera ordubete luzatzen da goizean eta ordubete eguerdian, 14.00etan amaituz. «Adinekoen benetako beharretara hobeto egokitzea» da helburua, azaldu du mankomunitateak.

Horrela, 8.00etatik 1400etara, 65 urtetik gorakoen kolektiboak zerbitzua erabil dezake etxeko atetik eskualdeko hiriguneetara joateko, era guztietako izapideak egiteko udaletan, osasun-zentroetan, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, farmazietan, dendetan, banku-bulegoetan edo kutxazainetan, bai eta Galdakaoko anbulatorioan eta Arratiako Egoitzan ere.

Arratiako eskualdean jatorria eta helmuga duten lekualdatzeen kasuan, zerbitzuaren prezioa 1 euro da (BEZa barne) ibilbide bakoitzeko, eta 1,50 euro (BEZa barne) Galdakao-Usansoloko Ospitalera eta Galdakaoko anbulatoriora eramateko.

Hala eskatuz gero, ‘bideON Arratian’ zerbitzuak aukera ematen die talde horretako erabiltzaileei lagunduta joateko; kasu horretan, bi ibilbideren prezioa ordainduko da. Zerbitzuak ibilgailu egokitua eskatzeko aukera ere ematen du.

Unibertsitateko joan-etorriak

Gainera, ekimenak Arratian erroldatutako unibertsitateko ikasleei ordutegi-eskaintza handiagoa eskaintzen die Bilboko eta Leioako campusetako joan-etorrietan.

Horrela, unibertsitateko taxia 6.45ean eta 7.30ean abiatuko da Zeanuritik goizeko txandetarako, eta 12.30ean eta 13.45ean arratsaldean matrikulatutako ikasleentzat. Itzulera Leioatik, 13.45ean, 15.15ean eta 18.45ean izango da, eta ordu laurden geroago tarteko geldialdia egingo da Bilbon.

Unibertsitatera joateko prezioa 1,50 eurokoa da (BEZ barne) ibilbide bakoitzeko. Zerbitzuak aukera ematen du, halaber, ikasleak Bizkaibuseko geltoki batera edo Euskotrenen Lemoako geltokira eramateko, unibertsitateko campusetara hurbiltzen dituen garraio publikoarekin konektatzeko. Kasu honetan, kostua euro batekoa izango da, BEZa barne.

Arratiako Udalen Mankomunitateak nabarmendu du ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztea eta CO2 emisioak murriztea direla zerbitzuaren beste helburu bi, «eta, aldi berean, eskualdean bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea gidari profesionalekin garraio segurua eginez, lehendik dagoen garraio publikoaren zerbitzua osatuz».

Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 eurorekin finantzatu du proiektu honen ‘fase pilotua’.