GAUR8

Klima aldaketarekin gaitasun inbaditzaile handiagoa duen Arizonako altzifrea ikertu dute

Madrilgo Erkidegoko La Pedrizan duela bost hamarkada baino gehiago bertako espezieekin batera landatutako Arizonako altzifrea konifera amerikarraren gaitasun inbaditzailea aztertu dute. Aldaketa klimatikoak ahalmen hori areagotzen duela ondorioztatu dute.

Azterlana La Pedrizan egin da, basoberritze proiektu baten emaitzak aztertuz.
Azterlana La Pedrizan egin da, basoberritze proiektu baten emaitzak aztertuz. (UPV/EHU)

Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko eta EHUko ikertzaileek Arizonako altzifrearen gaitasun inbaditzailea ebaluatu dute Marilgo Erkidegoko La Pedrizan. Basoko ekosistemen estres faktoreei erreparatu eta tokiko eta kanpoko espezieen arteko portaera ezberdinak aztertu dituzte ikertzaileek ‘NeoBiota’ aldizkarian argitaratu den ikerlanean.

Guadarramako Parke Nazionalean kokatuta, La Pedrizan, 1960 eta 1970 urteen artean «Arizonako altzifrea landatu zuten bertako beste espezie batzuekin batera, adibidez, pinu gorria, larizio pinua eta itsas pinua».

Bertako pinu espezieekin alderatuta, Arizonako altzifrearen gaitasun inbaditzailea aztertu dute. Batetik, klimak eta muturreko lehorteak espezie horren hazkundean duten eragina ebaluatu dute, eta izan duen erantzun hori aldaketa klimatikoaren hainbat agertokitan proiektatu dute.

EHUk ohar batean zehaztu duenez, Arizonako altzifrea Ipar Amerikako koniferoa da, baldintza eta lurzoru mota ugaritara moldatzeko erraztasun handia duena. Espeziea, gainera, basoberritzeko proiektuetan erabili izan da. Eremu batzuetan espezie inbaditzaile gisa katalogatuta dago, baina Estatu espainolean ez.

Tolerantzia maila handiagoa 

Ikertzaileek azaldu dutenez, «aldaketa klimatikoaren eraginez, muturreko gertaera klimatikoen maiztasuna eta magnitudea handitu egiten dira; esaterako, lehorteena. Testuinguru horretan, espezie exotikoek aukera bat topa dezakete hedatzeko; batez ere, baldintza klimatiko berrien aurrean bertako espezieek baino tolerantzia maila handiagoa badute».

Ikerketan ondorioztatu dute basoberritze proiektuetan bertakoak ez diren espeziak erabiltzeak arrisku bat daukala. «Horiek, aldaketa klimatikoaren aurrean, espezie inbaditzaileak bihur daitezke eta bertako espezieak ordezka ditzakete», ohartarazi dute. Portaera horrekin lotuta, halaber, «gure basoko ekosistemetan espezie horren hedapena kontrolatzeko neurriak ezartzeko beharra» aipatu dute.